ARNAITZ LASARTE
Ereñotzu eta Fagollaga arteko oinezko bide berriaren obrak amaitzear daude. Egunero-egunero errepide bazterretik ibiltzen diren ibiltariek aste gutxi barru izango dute lasai paseatzeko bidea prest. Orain arte, kamioi eta kotxeekin zituzten arriskuekin amaitzeko ezinbesteko neurria zela uste zuten ereñotzuarrek. Nahi baino gehiago luzatu badira ere, iazko azaroan hasitako obrak amaitzen ari dira jadanik.
Eguraldi txarrak hala behartuta, abendutik martxoaren amaiera arte obrak geldirik egon ziren. Unai Erroizenea Hernaniko Udaleko zinegotziak azaldutakoaren arabera, eguraldi txarraren ondorioz ur asko joan zen menditik behera eta horrek lur jauzi bat edo beste eragin zituen. Eskollera batzuk egin behar izan zituzten eta horrek gainerako egin beharrekoa atzeratu du. Geldirik egotea beharrezkoa zen hala ere. «Ezponden estabilitatea konprobatu ahal izan dugu bitartean, eta gainera, segurtasunaren aldetik, baldintza txarretan lan egitea saihestu dugu».
Martxoaren 29an izan zuten segida lanek eta oso gutxi falta zaie bukatzeko. Bidean azkeneko materia kapak botatzea eta ur tuberientzako arketa batzuk egitea. Oinezko bidearen obrak aprobetxatu baitira Ereñozu eta Fagollagako saneamendua burutzeko, etxeetako ur zikinak Loiolako araztegira bideratzeko, alegia. Lan hauek egiteko lurra lehor egotea ezinbestekoa denez, eguraldiaren menpe daude lanak amaitzeko.
2006an lehen urratsak
Oinezko bide seguru baten beharra ikusirik, Ereñotzuko ordezkari batzuk eta proiektuaren arduradunak, 2006an bisitatu zuten Fagollaga eta Ereñotzu arteko bide zaharra. Orduan hasi ziren zehazten oinezko bidearen helburuak, diseinua eta bera eraikitzeko obren prozedura.
Zati horretako ibaiertzeko bejetazioaren kalitatea eskasa zela izan zen bisita hartan ateratako beste ondorio nagusia. Akaziek, platanoek eta insigne pinuek osatzen zuten bertako landaretza. Gauzak horrela, Ereñotzuko auzotarrei bertako bejetazioa hobetzeko neurriak hartzea proposatu zitzaien. Hau da, bertakoak diren haltz beltza, lizarra eta haritzak sartzen joatea.
100 haltza landatzea
aurreikusia
90 zuhaitz inguru moztu dira oinezko bidea egin ahal izateko. Erroizeneak argitu digunez, zuhaitz hauen hiru laurdenak espezie aloktono inbadatzaileak izan dira, akazia eta platanoak. Aitortu digu Urumea ibaia LIC (Lugar de Importancia Comunitaria) bat dela. Hala ere, bejetazio aldetik nahiko degradatua dagoela azpimarratu du.
Gainera, obra amaieran, oinezko bidearen ondoan 100 haltza landatzea aurrekusia dagoela gogorarazi digu Erroizeneak, «haltza erriberatako bertako espeziea da eta haltzadiek ematen die benetako balioa ibaiertzei, haritza eta lizarrekin batera».