Hernani atzo sartu zen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako kanporaketan eta Amezketa izan zuen aurrez aurre. Hernaniarrak faborito ziren, aurten talde polita bildu baitute, eta espero bezala, garaipena lortu zuten; 2-1, hain zuzen. Dena dela, ustekabekoa seniorretan izan zen, maila horretan irabaztea espero baitzen.
Kadeteetan espero baino errazago
Kadeteetan Iñigo Urkizu eta Aritz Murgiondo aritu ziren eta 22-8 irabazi zuten. Espero baino errazago joan zitzaien partidua. Jubeniletan berriz, Eneko Aizpitarte eta Markel Lizeagak jokatu zuten eta aurrekoek baino partidu estuagoa izan zuten. Hasieratik ibili ziren aurretik, baina bukaerarako nahiko gerturatzea lortu zuten amezketarrek, emaitza 22-16 izanda.
Ustekabekoa seniorretan izan zen. Paul Ojuel eta Ioritz San sebastian lehiatu ziren eta duten mailatik behera aritu ziren bi hernaniarrak. Bukaeran zertxobait estutzea lortu zuten, baina 22-18 galdu zuten.
Txapelketan aurrera egiteko, itzulerako partiduak geratzen dira. Datorren asteburuan jokatuko dira Hernanin.