Atez Ateko bilketa maiatzaren 9an hasiko da Hernanin, eta Hernani prest dagoela adierazi zuten, atzo, Marian Beitialarrangoitia Alkateak, eta Izaskun Txintxurreta Ingurumen Zinegotziak, prentsaurrekoan. Hernani birziklatzearen aroan sartuko dela adierazi zuten, zero zabor edo zero waste helburuak lortzeko bidean, munduko beste herri batzuekin batera.
Ontzien %100 banatuak daudela adierazi zuten; zintzilikatzekoak jarriak; larrialdi guneak eraikiak... Herritarrak ere prest daudela adierazi zuten, «informazioa iritsi zaie, egutegiak etxean dituzte, zer nora eta noiz bota behar den badakite... Hernani prest dago Atez Atekorako, eta 20.000 biztanle izanda, Hernanin Atez Atekoa ondo egiten badugu, Atez Atekoa edozein herritan egin daitekeela frogatuko dugu».
31 bileretan, 1.800 lagun
Marian Beitialarrangoitia alkateak adierazi zuenez, Hernaniko herritarrak eta azpiegiturak prest daude Atez Atekorako. Azken 9 bileretan jendeari gauza praktikoak azaldu zaizkiola esan zuten, eta herritarrek nahikoa argi daukatela sistema nola den. «Guztira 31 bilera egin ditugu, eta 1.800 herritarrek hartu dute parte. Egutegiak, informazio orokorra eta abar ere etxe guztietan dago. Horrez gain, etxean konposta egiten dutenak ere 700 inguru izango dira. 17 ikastaro egin ditugu, eta kanpaina oso arrakastatsua izan da».
Azpiegiturei dagokienez, dena prest dagoela azaldu zuten. Ordutegira moldatu ezin duten herritarrek 6 larrialdi gune izango dituzte, eta denak prest daude, Antziolakoa izan ezik. Kubo guztiak banatuta daude, eta zintzilikatzeko guztiak ere bai. 9-10 langile izango dira bilketa egingo dutenak.
Lasaitasunerako deia
Herritarren kezka eta zalantza guztiak argitzeko daudela adierazi zuten atzo prentsaurrekoan, eta isunak eta multak jartzea ez dela euren asmoa. «Borondate ona daukanak ez du arazorik izango. Galdetu lasai edozein duda. Erantzungo zaizue. Atez Ateko bulegora joan, deitu, web orrian galderak egin... Udalak pazientzia izango du, eta guztiok ikasiko dugu zerbait».
Pegatinak. Lasaitasunerako dei egiten du Ingurumen sailak. «Lehenengo egunetan pegatinak jartzen badizkigute, ez larritu. Ez du esan nahi multa daukagunik. Deitu egingo digute, eta esan, gaizki zer egin dugun».