Langileen Nazioarteko Egunaren bueltan, deialdi ezberdinak luzatu dituzte sindikatuek, horrelako data enblematikoan, langileen eta gizartearen errebindikazioak kalera ateratzeko asmotan. Manifestazioak hiriburuetan egingo dira.
LAB Donostian 12:30etan
LAB sindikatuak Donostiako Bulebarrean hasiko du Donostialdeako manifestazioa, 12:30etan. LABen iritziz inork ez die ezer oparituko langileei eta premiazkoa den aldaketarako, hauen borroka ezinbestekoa da. Beraien aldarrikapen garrantzitsuenen artean daude: lanaren banaketan oinarritutako kalitateko enplegu estrategia osoa, euskal pentsio sistema publikoa sortzea, eta langileek erabakietan parte hartzea ziurtatuko duen eredu instituzionala.
ELA Bilbon 11:30etan
ELA sindikatuak Bilbon egin du hitzordua goizeko 11:30etan, gizarte eta ekonomi eredu berri baten alde. Beraien ustez patronala, banketxeak eta gobernu ezberdinak dira gaur eguneko krisiaren erantzule nagusiak, eta diote, horien kontrako borroka sindikala inoiz baino beharrezkoagoa dela.
UGT eta CCOO hiriburu guztietan elkarrekin
UGT eta CCOO-k eguerdian hasiko dute beraien Donostiako manifestazioa Alderdi Ederren. Beraien aldarrikapen garrantzitsuenak dira gizarte prestazioen eta pentsioen sistema bermatzea, eskubideak defenditzen dituen enplegua sortzea, eta finantza sistemaren erreforma. Nazioarteko Konfederazio Sindikalaren (CSI) aldarrikapenekin bat egiten dute, Europa sozialaren eta langileen eskubideen alde.
STEE-EILAS Bilbon
eta Iruñean
STEE-EILASek hezkuntza eta gizarte eredu berri bat aldarrikatuko du Bilbon 12:00etan, eta Iruñean 12:30etan.