Hernanik herriartekoari ekingo dio gaur Amezketan

Kronika - Erredakzioa 2010eko maiatzaren 1a

Herriarteko Txapelketa gaur hasiko da eta Her­nanik lehen kanporaketa A­mez­ketako taldearen kontra jo­katuko du. Gaur arratsaldean jokatuko dira joaneko partiduak Amez­ke­tako frontoian, arratsaldeko 18:00etan  hasita, eta datorren astean amezketarrek itzuli beharko diote bisita hernaniarrei.
Hernanik talde polita bildu du aurtengoan eta urruti iristeko intentzioa dute txapelketa honetan. Horretarako le­sioekin suertea izatea eta Herna­­niko pelotazaleen ba­be­sa eskatzen dute. Lehengo urtean finalera iritsi eta  Bergararen kontra galdu ostean, aurtengoan koska hori gainditu eta txapelak Her­nanira ekartzeko esperantza dute.
Kadeteetan Iñigo Urkizu, Jon Leonet, Aritz Murgiondo eta Jon Etxegoien izango dira Hernani ordezkatuko duten pelotariak 2010eko herriarteko txapelketan. Jubeniletan, Eneko Aizpitarte, Eneko Lujanbio, Markel Lizeaga eta Jon Ander Elorza ariko dira; eta azkenik, nagusietan, Paul Ojuel, Ioritz Arrieta, Aitor Gorrotxategi eta Ioritz San Sebastian izango dira aurtengo herriartekoan jokatuko duten pelotariak.
Hernaniko arduradunak pozik daude aurtengo taldea oso konpentsatua delako. Hamabi pelotari hauen artean astero frontoira aterako diren hiru bikoteak maila altukoak izango dira eta
hori herriarteko txapelketa honetan talde gutxik esan dezakete.

Amezketaren aurka
hernaniarrak faborito

Amezketaren aurkako kanporaketa, halere, arriskutsua dela uste dute Hernaniko taldeko arduradunek. Herna­nia­rrak faborito dira, baina amezketarrek maila ona dute.
Kadeteetan, Artola IIa da pelotaririk arriskutsuena. Infantil mailako Gipuzkoako aurrelaririk onena da eta frogatu du jadanik kadete mailako arerioen aurka ez dela kokiltzen. Aurrez, Amezke­tak Zestoaren aurka jokatutako kanporaketan, zestoarrek kadete mailako bi partiduetan 10 tanto besterik ez zituzten lortu amezketarren aurka.
Jubeniletan, Gallurralde au­rre­laria ere Gipuzkoako onenetakoa da eta nagusietan, amezketarrek, bikote beterano eta arriskutsua dute, frontoietan esperientzia haundia dutenak.   

Bi hernaniar
GRAVN-eko finaletan  

Bestalde,  Iruñeako Oberena trinketean jokatuko dira gaur goizean Paleta Gomako GRAVN Txapelketako finalak. Jubeniletan, Irati Ugalde hernaniarra arituko da Abu­ruza anoetarrarekin bi­ko­tea osatuaz Bizkaiko selekzioko bikotearen aurka.  22z azpi­ko­etan, Irati Perezek Nafa­rroako bikotea izango du au­rre­an Iruneko Loiola Zuazu lagun duela. Finalak goizeko 10:00etan hasiko dira.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!