Hernani Institutuan, Batxilergoa emateaz gain, Lanbide Heziketako Erdi eta Goi Mailako zikloak daude aukeran, DBHko titulua atera duten ikasleentzat. Eta Kontxi Urnieta zuzendariak azaldutakoaren arabera, LOE Legea dela eta, eskaintza zabaldu egingo da aurten. «Lanbide Heziketan, Erdi Mailako zikloetan, orain arte Mekanizazioa eta Instalazio elektriko eta automatikoak eskaini ditugu. Orain, Telekomunikazio instalazioak ere badauzkagu. Ziklo hau, lau ikastetxetan bakarrik izango da Euskal Autonomia Erkidegoan: bi Bizkaian eta bi Gipuzkoan. Arrakasta daukan zikloa da eta guretzat oso erakargarria da».
Goi Mailako zikloetan, berriz, lehen Proiektu Mekanikoen Garapena eta Instalazio Elektroteknikoak zituzten. Orain, LOErekin, Proiektu Mekanikoen Garapenak, Fabrikazio Mekanikoko Diseinua izena hartuko du. «Irakasgai batzuk berdinak dira, beste batzuk aldatu dira, baina orokorrean zikloa oso antzekoa da», azaldu du Urnietak. Gaineratu du LOErekin zenbait aldaketa izango direla, baina orokorrean antzeko funtzionamendua izango dela: bi urteko iraupena, praktikak enpresetan, atzerrira joateko aukera... Aurrematrikulazioa laster: maiatzak 31-ekainak 11, biak barne.
Lanbide Hastapena,
«aukera paregabea»
Hernani Institutuan programa berri bat jarriko da martxan ikasturte honetan: Lanbide Hastapena (PCPI). DBHko titulurik atera ez duten ikasleei zuzendutako ikastaro bereziak dira. «Helburua da ikasle horiei erantzun bat ematea eta lan mundura bideratzea. Eta baita ere, aukera ematea DBHko titulua lortzeko, beste irakasgai batzuk emanda; hau da, euskera, gaztelania, matematika eta horrelakoak. Erdi Mailako ziklo bat edo batxilergoa egiteko aukera izango lukete horrela. Normalean gutxi dira gero titulua ateratzen dutenak, eta ateratzen dutenek Erdi Mailako ziklo bat egiten dute. Baina aukera bat da; aukera paregabea», dio Urnietak.
Bi ikastaro izango dira: Mekanizazioko Langilea eta Etxeko Jardunetako eta Mendeko Pertsonentzako Oinarrizko Zaintzatako Laguntzailea.
«Herri mailan eskaintza oso ona»
Institutuak, besteak beste, aparteko formakuntzaren barruan, Heziketa Zikloak hiru urtetan ateratzeko aukera ere eskaintzen du arratsaldez. «Horrela herri mailan geratzen den eskaintza oso oso ona da. Erantzuna ematen diezu DBHko titulurik ez dutenei eta daukatenentzat dauzkazu Batxilergoa eta zikloak. Eta ziklo batetik bestera pasatzeko aukera ere bai sarbide probarekin. Erdi Mailatik Goi Mailara eta Goi Mailatik unibertsitatera, selektibitaterik gabe», dio Urnietak. Eta horretarako ere klaseak ematen dituzte arratsaldetan.