«Euskal Unibertsitatea herri proiektu gisa irudikatzen genuen eta irudikatzen dugu. Herriaren beharrei eta garapenari erantzungo dion unibertsitate propio bat herritik jaio behar du, herriaren bultzadaz eta herriaren indarraz», azaldu zuen atzo prentsaurrean Euskal Herriak Bere Eskola herri mugimenduak, eta hori horrela, Euskal Unibertsoa ekimena herriratzeko apustua egin du aurten.
Aurreko bost urteetan unibertsitateetako Campusetan egin izan dute Euskal Unibertsitatea aldarrikatzeko eguna. Aurten, Euskal Unibertsoa ‘10 Hernanin izango da, maiatzaren 8an, larunbata. Herri jakintza nahi dugu eta jakintza herriarentzat nahi leloarekin.
Euskera, Herritartasuna, Ikerkuntza eta
Parekidetasuna oinarri
EHBEk Euskal Unibertsitateari jartzen dizkion ezaugarriak zabaldu nahi ditu: «Unibertsitate nazionala, euskalduna, herritarra, parte hartzailea eta demokratikoa, hezkidetzailea eta Euskal Herriaren beharrei eta garapenari erantzungo diona». Eta beste urteetan bezala, Euskal Unibertsitatearen irudikapena eta aldarrikapena egiteaz gain, haren aldeko masa soziala aktibatzea dute helburu. Baina horrez gain, beste elementu batzuk hartuko dituzte oinarri aurten:
Alde batetik, Euskal Eleaniztasuna Hezkuntzan, hau da, landuko dute euskera ardatz eta enbor izango duten ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko prozesua. Bestetik, Herritartasunari garrantzi berezia emango diote aurten, eta aurrez esan bezala, egitasmoa herriratuko dute. Horrez gain, ikerkuntzak nazio garapenean duen garrantzia ere aintzat hartuko dute. Eta azkenik, parekidetasuna landuko dute.
Egun osoko ekimena
Euskal Unibertsoa ekimena 09:00etan hasiko da Langile Ikastolako Santa Barbara ikastetxean. Harrera eta matrikulazioa egin ondoren, aipatutako lau bloke horietan banatuko dira eta bloke bakoitzean bi saio izango dira (09:30-11:00 eta 11:30-13:00); eta tartean, hamaiketakoa. 13:30etan ekitaldia izango da Tilosetan eta ondoren, kantu bazkaria. Txartelak bertan izango dira salgai 10 euroan.
Antolatzaileek deia luzatzen diete parte hartzeko, Euskal Unibertsitatearen aldeko herritar guztiei.