Latsunbeberri auzoan dagoen Aizpuru farmaziak kalitatea ziurtatzen duen ISO ziurtagiria jaso berri du; zehazki, martxoaren 12an. AENORen eskutik ISO 9001:2000 ziurtagiria jaso du eta «ziurtagiri horrek bezeroari bermatzen dio ahalik eta zerbitzu profesional onena jasotzea farmaziaren aldetik, bai sendagai eta baita produktu farmazeutikoei dagokienez», azaldu du Karmele Aizpuru farmaziako nagusiak.
Eta gaineratu du: «ziurtagiri hori jasotzea azken urteetan egindako lanaren emaitza izan da eta egiaztatzen du farmazia honetako farmazialari guztiek beren zereginean hobetzen joateko hartu duten konpromisoa».
Prozesuak errebisatu eta optimizatu
Aizpururen esanetan, proiektu honek aukera eman du prozesuak errebisatu eta optimizatzeko, eskaintzen dituzten zerbitzuak etengabe hobetzen joateko. «Guztia errebisatu egin da akats gutxiago egiteko asmoz eta zergatik sortzen diren akats horiek ere jakiteko. Errebisatu dira stocka, sendagaien kaduzitatea, enkarguak... Horrez gain, prozesu honen bidez bezeroak zerk asetzen dituen, zer behar duten edo zer espero duten jakiten ahalegindu gara. Horregatik, helburu nagusia ez da ziurtagiria lortzea bera, baizik eta etengabe hobetzen joateko oinarriak ezartzea».
Bezeroen proposamenak
«Gestio eredu honek bultzatzen du ahalik eta lan onena egitea kalitatearen estandarrak garatzeko eta mantentzeko. Eta horrela, bezeroek espero dutena asetzeko. Beraz, gure bezeroak animatu nahi ditugu proposamenak egiten jarraitzeko, horiek derrigortu egingo baikaituzte norabide berean lanean aritzera», dio Aizpuruk.