Estatuko Ohorezko A mailara CAU Valentzia igoko da, deskontuko laugarren minutuan lortutako zigor golpe bati esker. Hernanik azken minuturaino borrokatu zuen, eta zirrara batean eduki zuen Landarera hurbildutako jende uholdea. Azkeneko txalo zaparradak argi utzi zuen zaleak oso harro daudela jokalariek aurten egin duten lanarekin.
Hernanik bost puntuko aldeari buelta eman behar zion (18-13 Valentzian), eta lau puntukoa lortu zuen (13-9 Hernanin) atzo Landaren. Valentziak zigor golpez lortu ditu play offeko puntu guztiak (27); denak Sorribek sartuak (9 zigor golpe). Atzo lau huts egin zituen, baina inportanteena sartu; azkenekoa.
«Saiatu gara, baina defentsa oso ona egin digute»
Partidu gogorra jokatu zuten atzo bi taldeek. Aurrean valentziarrak gehixeago izan ziren, eta Hernanik asko sufritu zuen, hautsi ezinean ibili baitzen valentziarren defentsa.
«Defentsa ona, eta zigor golpeak; hori zen euren estrategia, eta ondo atera zaie».
Azken minutuak zirraragarriak izan ziren. 10-6, eta Hernani entsaioaren bila; CAU zigor golpearen ehizan.
10 minutu falta zirela CAUk bi zigor golpe. Jendeak dardar. Biak huts egin. Hernanik puntuak behar zituen, eta 5 minuturen faltan, entsaioa 3 metrora izan zuen, huts. Zigor golpea Hernaniren alde; Genuak barrura, eta Landaren obazioa. Igoera esku eskura zuten hernaniarrek, baina Sorribek hautsi zuen ametsa, 40 metro baino gehiagotik.
Ezertarako betarik ez zegoen. Hernanik gertu izan du, oso gertu, igoera. Joxe Elosegik taldearen urte guztiko lana goraipatu zuen: «pena da, jokalariek igo nahi zutelako, eta guk ere bai. Hala ere, firmatuko nuke urtero honaino iristea; hurrengo urtean ere taldea mantendu egingo dugu, eta goian ibiliko gara».