Euskal Herria ekarri du begi aurrera oraingoan Marisol Yaben argazkilari hernaniarrak. Paisaiak, artea, gastronomia, mitologia eta aisia argazkietan irudikatu, eta Retazos de Euskal Herria izeneko erakusketa jarri du Donostiako Boulevardean dagoen Kutxa aretoan.
Marisol Yabenek adierazi dio Euskal Herrian oso erroituta sentitzen dela, eta horregatik erabaki duela horrelako argazki erakusketa egitea.
Erakusketa ikusteko aukera astelehenetik aurrera izango da, maiatzaren 16ra arte. Ordutegiari dagokionez, zabalik izango da 11:30etatik 13:30etara, eta 17:00etatik 21:00etara. Horrez gain, maiatzaren 1, 2, eta 9an bisita gidatua izango da, Marisol Yaben beraren eskutik.
Atal ezberdinetan banatutako 46 argazki ikusgai
Erakusketan 46 argazki jarri ditu ikusgai argazkilari hernaniarrak, eta atalka banatu ditu, testuingurua kontuan izanda.
Euskal Herria irudikatzeko kontuan hartu dituen testuinguruak dira: paisaiak, hala nola eraikinak; artea (antzerkia...); gastronomia (Berasategi, Gorrotxategi eta Arzak); migologia (andre mari, basajauna, lamiak...); eta aisia (Donostiako aquariuma, Kasino Kursaala, Lasarteko hipodromoa...).