Herri bakoitzak du bere kultura, eta kultura bakoitzak bere gastronomia, denok hain gustukoa duguna. Aho sapaiak gozatzeko aukera du gaur Plaza Berrira inguratzen denak, munduko janari ezberdinak probatzeko aitzakia jarri baitu AMHER elkarte multikulturalak. Elkartasun eguna da gaurkoa, kultura ezberdinak elkartzeko antolatua; elkartzeko, eta elkar ezagutzeko.
Festa gastronomiko eta kulturala, beraz, 12:00etan hasiko dena, Plaza Berrin (euria bada Atsegindegin).
Argentinako matea, Kubako congria, Txinako...
Hernanin bizi diren etorkinek prestatuko dituzte pintxoak, prezio sinboliko baten trukean, eta 12 herrialde baino gehiagoko produktuak dastatu ahal izango dira: Ekuador, Maroko, Colombia, Kuba, Nikaragua, Argentina, Txina, Peru, Bolivia, Honduras, Txile eta Moldavia izango dira tartean. Eta Silvia ekuatoriarrak eta Fatima marokoarrak Kronikari aurreratu diote, encebolladoa eta briwata eta yuca eta zilantroa, behintzat izango direla probatzeko.