Hernaniko errugbi elkarteak denboraldiko eta azken urteetako zitarik garrantzitsuena izango du gaurkoan. Igoera Playoffeko itzulerako partidua jokatuko da Landaren eguerditik aurrera eta hernaniarrek 5 puntuko aldeari buelta eman beharko diote datorren urtean Ohorezko Mailan jokatu nahi badute.
Joaneko partida Valentzian jokatu zuten lehengo igandean eta hernaniarrek ezin izan zuten garaipena lortu. CAU Valentziak irabazi zuen 18-13ko emaitzarekin baina 5 puntuko alde horri Landaren buelta emateaz seguru daude. Taldean konfiantza osoa dute klubean eta Landaren sortuko den giroarekin Hernani Ohorezko Mailako talde berria izan daiteke igande arratsaldean.
Valentzian, lehenengo zatian, Hernani CAU baina gehiago izan zen eta markagailuan aurretik iritsi ziren atsedenaldira Genuak eta Bolik lortutako entsaioei esker. CAU taldeak, halere, ideiak oso garbi zituen eta bere jokoa egiten jarraitu zuen. Hankaren bidez baloia Hernaniren zelaian mantentzen saiatzen ziren hernaniarren faltak probokatu nahian. Honen bidez hainbat zigor kolpe lortu zituzten eta Edu Sorribes Valentziarren jokalari onenak 6 aldiz asmatu zuen baloia makil hartean pasatzen. Horrela lortu zituen CAUek bere puntu guztiak. Azkenean Iraitzek transformatutako zigor kolpeak utzi zuen markagailua bukaerako 18-13 horretan eta Hernani itzulerako partidarako esperatza mantentzea ahalbidetu zuen.
Genua eta Boli duda
azken momenturaino
Gaurko partidua emozioz eta tentsioz beterikoa izango dela argi dute hernaniko taldean. Genua eta Boli taldeak pilatzen dituen baja multzora gehitu daitezke baina oraindik ez da segurua. Boli, joaneko partidan amonestazioa jaso zuen eta aurretik zeuzkanengatik santzionatua dago gaurko partidarako. Hernanitik errekurtsoa bidali dute federaziora baina ez dute uste kasu askorik egingo dietenik. Genua, berriz, lesionaturik dago. Sorbaldak nahi baino buruhauste gehiago sortu dizkio denboraldi honetan baina aste honetan pixkanaka entrenatzen hasi da taldearekin eta agian gaur jokatzeko prest izango da.
Erritmoa kontrolatzea eta zigor kolpeak, klabeak
Partida irabazteko eta playoffari buelta emateko klabea Hernaniren joko erritmoa inposatzea dela uste dute taldeko entrenatzaile eta arduradunek.
Valentziarrek zihur aski ez dute asko aldatuko jokatzeko modua eta igoera Sorribesek zigor kolpeak transformatzeko duen abilezian oinarrituko dute. Ondorioz hernaniarrek defentsan bereziki kontzentraturik egon beharko dute eta ahalik eta infrakzio gutxien egin beharko dituzte.
Beraz, errugbyzale hernaniarrek galdu ezin duten zita izango da Landarekoa. Zorte pixka batekin Hernaniko errugbi elkarteak 1987an galdutako maila berreskuratzen ikusteko aukera izango dute.