Arazo ekonomikoek eraman zuten herritik alde egitera. 1995.urtean Ekuadorren gerratea hasi eta egoera ekonomikoa are gehiago zaildu zen; hori dela eta, eta Silviaren familiak Ekuador utzi zuen. Orduz geroztik, ez da sekula bere jaioterrira itzuli, aiton-amonak han dituen arren. Lehendabizi, Espainiako hainbat herrialdeetan egon zen. Denbora gehien Benidorm-en igaro zuen, zazpi urte, hain zuzen ere. Eta bertan, bere semea jaio zen. Baina, Euskal Herrira etortzea erabaki zuen, eta zazpi hilabete daramatza Hernanin bizitzen. Orain, zerbitzari izateko kurtso bat burutzen ari da.
Fatima Marokoarra da. Urte gutxi daramazki herritik kanpo; hiru eta erdi.. Hernanin, ordea, urte eta erdi daramazki.
Espainiako hainbat herrialdeetan egon da aurretik, esaterako, Madrilen eta Alacant-en. Etxetik alde egiteko izan zuen arrazoia oso berezia da; etxean arazoak zituen, bere amaordearekin elkarbizitza jasangaitza zen, eta Marokon ezkondu gabeek ezin dutenez gurasoen etxetik joan, bere herritik alde egin behar izan zuen. Euskal Herrira etortzeko aukera foru sozial batean suertatu zitzaion. Bertan, euskaldun bat (hernaniarra) ezagutu zuen, hark lana eskaini zion eta bere familiaren etxean hartu zuen Fatima. Egun, lan berean jarraitzen du, adin txikikoen zentru batean.
Igandeko gastronomia festan zentratuz, egon al zarete aurreko urteren batean?
Silvia- Ni ez, denbora gutxi daramadalako Hernanin, eta askotan ospakizunetara ezin izaten dut joan lana dudalako. Baina, nire semea eta aita bidaltzen ditut beti.
Fatima- Ezta ni ere, lehendabiziko urtea da, eta izugarrizko gogoa dut herriko jendearentzat sukaldatzeko.
Zuen eguneroko bizitzan
sukaldatzea gustuko duzue?
S- Niri gustatzen zait sukaldean ibiltzea. Noizbehinka nire herriko platerak prestatzen ditut etxean, baina produktuak garestiak direnez, nahi baino gutxiagoetan izaten da. Horregatik ere, gogo handia dut nire errezeta herritarrentzat egiteko.
F- Ni sukaldearekin txoratuta nago, izugarri gustatzen zait.
Zein da igandean prestatuko duzuen errezeta? Zeuen
herrialdetan tipikoa da?
S- Nik Encebollado izeneko platera prestatuko dut. Bai, nire herrialdean asko egiten da, mota askotakoak daude, eta nik arrainarena prestatuko dut.
F- Nik Briwat-a egingo dut; bi motatakoak, gozoak eta gaziak. Hau nire herrialdean oso plater ospetsua da, egoera oso berezietan prestatzen baita; esaterako, ezkontzatan, gonbidatu garrantzitsuren bat duzunean… Nik, nire anaien ezkontza guztietara eraman dut.
Azaldu apur bat zertan datzan
platera.
S- Encebolladorako atuna, tipula ugari, limoi zukua, juka (yuca), martorria (cilantro), arrain pilula eta banana berdearen zati frijituak behar dira. Esan daiteke, tipulaz bildutako atuna dela.
F- Briwat-ak hiruki forma du. Orea (masa) egingo dut, oilaskoa osagai nagusia izanik. Lehen esan bezala, batzuk gaziak eta besteak gozoak izango dira. Gozoak, almendrekin beteko ditut.
Nork erakutsi zizuen errezeta hori prestatzen?
S- Niri amak erakutsi zidan, bera oso sukaldari ona da.
F- Niri ere amak erakutsi zidan, nik sukaldea hain gustuko dudanez, beti nenbilen kuxkuxean; eta horrela ikasi nituen errezeta hau, eta beste asko ere. Zein da plater horren sekretua edo ezinbesteko osagaia? S- Nire errezetan noski, tipula ezinbestekoa da, eta gainera, kantitate handian. Baina, gakoa martorria (cilantro) da zalantzarik gabe.