Paella, desfile eta kontzertuak gaur, Olinpiadak hasteko

Kronika - Erredakzioa 2010ko api. 24a, 02:00

Martxoaren 21ean Ate­nas­tik suziriarekin abiatu ziren bi lasterkariek beraien hitza bete du­te. Apirilaren 24arekin ba­te­ra, Su Olin­pikoa Hernanira iritsi da, Herri Olinpiadei hasiera emateko prest.
Dena dela, hemen ere ez dira azken orduko ustekabekoez libratu. Azken komunikatuan diotenez, atzo kontrol batean geratu zituzten herrirako sarreran: «Suziri Olinpi­koa kontrolean gelditu dute Sorgin­txu­lon, eta paperak eskatu dizkiete lasterkariei. Poliziei arraroa iruditu zaie halako koadrila junta­tzea: Olin­poko jainkoak, Alfa Omegako zazpi koadrila, Mateo Txistu, txipiroiketako arrantzaleak, So­ma­liako piratak, euskaltzale na­far ba­tzuk, usurbildarrak baldeak eskuetan dituztela...». Dena dela, azaldu dute atzo goizaldean hasi zirela lehenengo lasterkariei pasa­tzen uzten, eta gaurko guztia prest izango dutela.

30 paella lehian

Guztia ondo bidean, goizeko 10:00etan hasiko dira Olin­pia­dak Tilosetan. Lehenengo eguneko proba paella txapelketa izango dute izena eman duten 30 taldek, hau da, 400 bat per­tsonek. Paellak 14:00e­ta­rako bu­ka­tu beharko dituzte, ordu ho­rretan hasiko baitira epaimahaikideak talde bakoitzak egindako paellak pro­batzen eta puntuatzen. On­doren, 15:00ak aldera, bazkaria egingo dute Tilosetan bertan.
Talde bakoitzak kanping-gasa edo berotzeko beharrezkoa den beste zerbait eraman beharko dute. Paella egiteko paellera eta osagaiak ere bai; arroza salbu, bertan emango baitzaio talde bakoitzari. Talde bakoitzak nahi izanez gero, mahaiak, aulkiak... eraman ditzake.

Taldeen aurkezpena
eta kontzertuak

Bazkalostean, arratsaldeko 17:00e­tatik aurrera, taldeak banaka-banaka aurkeztuko dira. Talde bakoitzak prestatu duen ikuskizunarekin goza­tzeko au­ke­ra izango da. Eta guztien aurkezpenak bukatuta, txarangaren erritmora, desfilea egingo dute herrian barrena. 19:00ak aldera izango da. Desfilea bukatzean, Su Olinpikoaren pebeteroa piztuko dute.
Gaueko 20:30ak aldera, Hernaniko taldeen kontzertuak izango dira, hala nola, Sindrome de Parker, Despervicio, Trifulka eta BH Roja.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!