asteburu honetan VIgarren Txistulari Jaialdia izango da Hernanin, eta gaur, urte gutxi hauetan Euskal Herriko txistulari gazteentzako erreferentzia bilakatu den Hernaniko VI Txistulari Gazteen Txapelketa jokatuko da. Zortzi herritako 23 bakarlari eta 6 talde izango dira lehian eta antolatzaileek azaldu dutenez, «aurreko urteetako maila ikusita eta aurtengoan aurkeztu dituzten obrak ikusita, dema ziurtatua dago, kalitatezko entzunaldiez gain».
Milagrosan, goiz eta arratsalde
Txapelketa Milagrosa kaperan jokatuko da eta goizetik arratsaldera luzatuko da. Goizean, 11:30etan, A kategoriakoek hartuko dute parte (12 urte artekoak); 11 bakarlari izango dira. 12:00etan, B kategorian (13-16 urte bitartekoak), 12 gazte izango dira; eta arratsaldeko 17:00etan, berriz, D kategorian, taldeetan egingo dute lan. Denetara 6 talde izango dira. Hernaniko txistulariez gain, Gasteiz, Iruña, Azpeitia, Donostia, Arrasate, Irun eta Zestoakoek hartuko dute parte. Ondoren, 18:15etan, sari banaketari ekingo zaio.
Diana, dantzaldia, bazkaria eta kalejira bihar
Bihar Txistularien Topaketa izango da herriko auzo, kale eta plazatan. 10:00etan Dianak izango dira Kaxkoan eta inguruko auzoetan eta 12:30etan, dantzaldia Plaza Berrin (eguraldi txarrarekin Udaletxeko arkupetan). Ondoren, Santa Barbara elkartean herri bazkaria egingo da eta topaketa bukatzeko, kalejiraz eta dantza soinuez gozatzeko aukera izango da herriko kale eta plazatan, 18:30etatik aurrera.