Asteburuan, txistu doinua nagusituko da Hernanin; izan ere, VIgarren Txistulari Jaialdia izango da larunbat eta igandean. Larunbatean Hernaniko VI Txistulari Gazteen Txapelketa jokatuko da eta antolatzaileen esanetan, aurkeztu dituzten obrak ikusita, dema ziurtatua dago, kalitatezko entzunaldiez gain. Igandean Txistularien Topaketa izango da eta herriko kale eta plazak girotzen ibiliko dira.
Hiru mailatan, 23 bakarlari eta 6 talde
Jaialdiko ekitaldi nagusia, ziurrenik, larunbatean jokatuko den Txistulari Gazteen Txapelketa izango dela azaldu dute antolatzaileek, urte gutxi hauetan Euskal Herriko txistulari gazteentzako erreferentzia bilakatu baita. Denera, 23 bakarlari eta 6 talde lehiatuko dira. Goizean, 11:30etan hasita, A kategorian (12 urte artekoak) 11 bakarlari izango dira eta B kategorian (13-16 bitartekoak) 12; arratsaldeko 17:00etan, D kategorian berriz, taldeetan egingo dute lana, eta 6 talde izango dira. Gasteiz, Iruña, Azpeitia, Donostia, Arrasate, Irun, Zestoa eta Hernaniko txistulariak izango dira bertan. 18:15etan sari banaketa izango da.
Igandean Topaketa
Igandean Txistularien Topaketa izango da egun osoan. 10:00etan Dianak izango dira Kaxkoan eta inguruko auzoetan, 12:30etan dantzaldia Plaza Berrin (eguraldi txarrarekin, Udaletxeko arkupetan), eta 14:00etan herri bazkaria, Santa Barbara elkartean. Jaialdia bukatzeko, kalejira eta dantza soinuak izango dira herriko kale eta plazatan.