udara gainean dugu, eta eskaintza zabala dago aukeran, haur eta gazteentzat, uztailean gozatu bat hartzeko. Artekin elkarteak antolatuta, artea hurbildu nahi zaie uztailean haur eta gazteei. Bi astez, astelehenetik ostiralera, artea ezagutu, sentitu eta gozatu ahal izango dute 4-17 urteko haurrek, Hernanin, goizeko 09:30etatik 13:30etara. Bi aukera ezberdin dira: Muak, 4-12 urteko haurrentzat; eta Karrikan, 12-17 urteko gazteentzat. Bietan oinarria jolasa da, aisialdia, baina artearekin lotua; bietan baita ere, musikak jarriko du erritmoa, eta beste arteak ´dantza-lagun` izango ditu.
‘Muak’: musika, dantza, mozorroak... 4-12ko haurrei
Muak, 4-12 urteko haurrei zuzendutakoa da. Musika, dantza, mozorroak, antzerkia... arte guztiak blokean lantzen dituzte; oso modu ludikoan, jolasen bidez.
Emaitza magikoa izaten dela dio Marijo Ribatek, Artekin elkarteko arduradunak. «Bi astetan zenbat gozatzen duten ikustea zoragarria da. Azken egunean jende aurrean erakusten dugu egindakoa, eta magikoa izaten da emaitza: musika, antzerkia, berak egindako dekorazioak, arropak...»
‘Karrikan’: graffitiak,
serigrafia... 12-17ko gazteei
Gazteentzat aukera haundirik ez da izaten udaran, Artekin elkarteko arduradunek diotenez. «Eskaintzen zaiena kirolekin lotuagoa izaten da; guk hutsune hori bete nahi dugu, besteek eskaintzen ez dutena eskaini: graffiti tailerrak, serigrafia... break dancea, zuzeneko musika. Ezagutu, sentitu eta gozatu».
Irakaskuntza, jolasean eta esperimentazioan oinarritua
Artekin elkarteak 7 urte daramazki Udapasa ekimena herriz herri eskaintzen. Marijo Ribate eta Esther Redecilla esperientzia haundiko begiraleak dira; biak irakasleak, bizi guztian irakaskuntzan lan egin dute, eta hutsune bat ikusi zutelako hasi ziren udarako Muak programa prestatzen:
«Haurrek oso modu derrigortuan ikasten dituzte musika bezalako arteak. Guk ikutu erabat ludikoa eman nahi diogu, modu erlaxatuagoan gozatu ditzaten gauzak» dio Ribatek. «Gorputzaren kontrola eta erlaxazioa ere sartuko ditugu eskaintzan, oso estresatuak daudelako gaur egungo haurrak».
Zazpi urtean ibilbide haundia egin du Udapasa eskaintzak. Bizkaian eta Gipuzkoan egingo dituzte aurten Udaleku Artistikoak: Beasain, Errenteria, Tolosa, Bermeo, Lekeitio, Getxo...
Izenematea zabalik
Artekin elkarteak antolatzen ditu Udapasa eskaintzak, Hernaniko Udalaren laguntzarekin. Uztailaren 12tik 23ra izango dira, goizeko 09:30etatik 13:30etara, astelehenetik ostiralera. Izenematea maiatzaren 7ra arte, Udal Musika Eskolan. Haurrek 120 euro; gazteek 150 euro.