Ereñotzuarrak Auzoa sortu zuen familiaren ibilerak

Kronika - Erredakzioa 2010ko api. 18a, 02:00

Urko Apaolaza Txilibita baserriko leihoetara begiratu eta segituan konturatzen da bat hura ez dela baserri normala. Eta bere horma sendoei edo ateko arkuari erreparatzean aurreko ustea konfirmatzen da: hau historia luzeko etxea da. Gaur egun Txilibita izenez ezagunagoa den arren, etxe horrek Ereñotzu du izena, eta XVIgarren mendean bertan bizi izan zen Her­naniko familia garrantzi­tsuenetako bat: ereñotzuarrak. Familia horren historia Maria Rosa Ayerbe historialari hernaniarrak eta haren senar Luis Miguel Díez de Salazar zenak ikertu zuten sakon. Haiei esker dakigu non duen jatorria Ereñotzu barrioak, laster auzo-udal bihurtuko denak.

Ezkon gaitezen biok...
Ereñotzuri erreferentzia egiten dion dokumentu zaharrena 1461ekoa da, sarobe batzuk zerrendatzekoan azal­tzen da. Ereñotzu burniola bat dela dio dokumentu horrek eta Sebastian Ara­etaren esku dagoela: ´señor dela ferrería de Ereñoçu`. Hurrengo urteetan, Ara­eta abizena galdu eta Ereñotzu izenez ezagutuko dituzte familia horretako kideak, izan ere, garai haietan ohikoa zen per­tsonek bizi ziren etxearen izena har­tzea. Beraz, barrioak eman zion abizena familiari, eta ez alderantziz. Dudarik gabe, ereñotzuarren urrez­ko mendea XVIgarrena izan zen. Mar­tin Arano Ereñotzukoa Maria Be­rra­soe­ta­rekin ezkondu zen eta ezkon­tza ho­rren bidez lortu zuen herriko agintarien artera ´salto` egitea. Horrela, Her­na­niko alkate izan zen 1515ean. Baina ho­rrekin konformatu ez eta lau seme-alabak Herna­niko eta probin­tzia­ko pa­riente nagusiekin lotu zituen. Esa­te­ra­ko, Kata­lina alaba gaztea, Lope Ar­bi­de­re­kin esposatu zuen, gerora ko­mu­ne­ro­en iraultzan parte hartzeagatik ajustiziatua; eta Juan Martinez se­mea Ka­ta­li­na Arbiderekin, dote inpor­tan­tea or­dain­du eta gero (500 dukadu, 6 ohe, zi­la­rrezko 3 marko eta jantziak). Hain zu­zen, azkeneko honek, Juan Mar­ti­nezek, eramango du Ereñotzu familia gailurrera.

Juan Martinez Ereñotzu: olagizon eta komertziante ipurtarina
1529an, aita hil zitzaionean, Juan Mar­ti­nezek familiako negozi­o­en gidaritza hartu zuen. Enpre­sa­rio sena zuen nonbait, zeren eta Ereñotzuko burniolaren inguruan en­porio ekonomiko bat jarri zuen martxan. Has­teko, bi burniola berri eraiki zi­tu­en: erdikoa (Chabi izenez ere deitua) eta berria (Baz­terrola izenekoa); horrez gain, lonja etxe bat ere sortu zuen burnia Uru­mean behera garraiatzeko. Edifizio ho­rien aztarnak eta izenak gaur arte iraun dute Ereñotzun (ikusi argazkiak). Bestalde, Juan Martinezek Osi­ña­gako errotaren erdia erosi zuen eta Arriatsuko lur ugari ere bereganatu zituen. Kardaberaz kalean ere, ´en la calle de la parte del río`, etxe bat jaso zuen fa­miliak: Ereñotzu-etxea. Egindako inbertsioaren ondorioz, burni produkzioa bikoiztea lortu zuen ereñotzuarrak, eta burnia pertsonalki komertzializatzen zuen, nola Bilbon edo Medina del Campon, hala Sevillan edo Indietan (merkantzia Indietara eramateko Agustina izeneko barkua zuen Trianako sozio batekin). Garai haietan burniolak ziren Euskal He­rri­ko ekonomiaren abangoardia, eta hiru burniola edukitzea sekulako pagotxa zen; boterea eta aberastasuna eskura zituzten ereñotzuarrek. Ereñotzuarrek Hernaniri utzi dioten legadorik haundiena Agustina­ta­rren komentua da. 1541ean Her­na­ni­ko eliz parrokia lekuz aldatu zen, gaur egungo San Joan Bataia­tzai­le­a­ren elizara eraman baitzen. Zinkoeneako eliza hutsik geratu zen beraz, eta Juan Martinezek komentua fundatu zuen; bere bi alaba moja sartu ziren bertan. Jakina, komentuaren patrono izateak betebehar eta pribilejio ugari ekarri zizkion familiari eta mende luzez harreman gorabeheratsua izan zuten mojekin, onerako eta txarrerako. Zorrez lepo eta ihesean hila Baina dirudienez, momentu batetik aurrera Ereñotzuko jaunak ez zuen suerte haundirik izan, lan-kontratuak itxi eta gero, burniaren prezioa asko jaitsi baitzen. Hola, Juan Martinez Ereñotzu zorretan sartu zen leporaino. Senide eta lagunen babesa izan zuen batzuetan, baina bestetzuetan hain zen haundia zorra, bere ondasunak hipotekatu eta ihesi ere joan behar izan zuela ´por temor a que fuera preso por la dicha deuda`. Hernaniko olagizon botere­tsuena 1554an hil zen, ustekabean, Senperen (Lapurdi) erbesteraturik zegoela. Aita negozioetan gehiegi arriskatzeak seme-alaba gazteek ordaindu zuten gogotik. Antza, ezusteko heriotza horrek zorretan utzitakoak mobilizatu zituen, beldur baitziren ez ote zuten ezer ere ez kobratuko azkenean, eta familiaren ondasunen gainera jaurti ziren ero moduan. Baina badirudi Agustinatarren komentuak salbatu zituela ereñotzuarrak desastretik, Juan Martinezek ´obra on asko` egin zituela iritzita ondasun horiek administratu eta familiari itzuli baitzizkion.

Ereñotzu: etxe izatetik barrio izatera
Hurrengo urteetan Ereñotzuarrak saiatuko dira bere arbasoek utzitako zorrak kitatu eta etxea aurrera eramaten. Baina senideen arteko liskarren ondorioz ondasunak zatitu eta sakabanatu egingo dira pixkanaka. 1700garren urtean Ere­ño­tzu­ko do­rre­txea jada ez da familiaren esku egongo. Azken bi mendeetan Ereñotzuko burniolak eskuz aldatuz eta hondatuz joango dira, baina hazia ereinda dago, eta Ereñotzu edo Txilibita etxe zaharren inguruan (bertako aitonak txilibitua jo­tzen zuelako deitzen omen zaio orain horrela) auzoa sortuko da. 

Auzo-alkatea: lehenago ere erabilitako formula Ereñotzun eta Lasarten

Laster ereñotzun ezarriko duten auzo-udala aspaldiko figura administratiboa da. Lu­rral­de ba­tzuetan indar gehia­goz erabili izan da edo bes­te izen bat jarri izan zaio, esaterako, Frantzian quartier deitzen zaie, Espainiako Mur­tzian pedanía dute izena eta Galizian parroquia. Auzo-udalek bilakaera gorabehera­tsua izan dute, eta gaur egun Espainian Udalez Azpiko To­ki­ko Era­kun­de deitzen zaie ofi­zialki. Na­fa­rro­an eta Ara­ban ho­rre­lako hamarnaka dau­de, Biz­kai­an gu­txi batzuk eta Gipuzkoa bat bera ere ez, nahiz eta, Ere­ño­tzuk bezala, eskaera egin duten zenbait lekutan jadanik, Itziar­ren adibidez.
Auzo-udalak aukera sor­tzen du auzoek zenbait zerbi­tzu mo­du autonomoan emateko be­re bizilagunei (azpiegiturak, zerbitzu sozialak, kultur arlokoak...) eta horretarako auzo-alkatea eta aurrekontu propioa izango luke. Ere­ño­tzun auzo-udalaren al­de ari di­renek azaldu dutenez beharrezkoa dute zenbait gau­­za beraiek gestionatzea he­rri­tarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak gerturatzeko, ba­rri­oa urruti baitago herri kaxkotik.
Martxoan egindako errefe­ren­dumean ereñotzuarrek bai­etz esan zioten auzo-udalari. Orain memoria presta­tzen ari dira Diputazioari aurkezteko, eta dena ondo bidean, honek eskaera onartu behar luke.

Primo de Riveraren garaitik auzo-alkatea Ereñotzun
Ez da lehenengo aldia Ere­ño­tzuk auzo-alkatea izango due­na. Gutxienez Pri­mo de Ri­ve­ra­ren garaitik ba­rrioak au­zo-alkatea edo alcalde pedáneo izan du mo­mentu askotan. Esa­terako, 1924an Ra­mon Li­zeaga izan zen au­zo-alkate, 1925ean Jose Ma­ria Puig, 1930­e­an Jaime Puig eta 1931n Jose Maria Li­zeaga. Ere­ño­tzuar zenbaitek gogoratzen dutenez, fran­kismo garai­an ere izan zen auzo-alkaterik. Baina hau­en guztien ze­regina oso mu­rri­tza zen, udalak ez baitzien es­ku­rik ematen gau­za as­ko­tarako.
Dena den, Hernanin auzo-udala zer den jakin badakigu as­palditik. 1736an Lasarte auzo-udal izendatzea erabaki baitzuten. Lasarteko auzo-al­ka­teak gaizkileak harrapatzeko boterea zuen, bai eta festak antolatzeko ere. Baina ezin zuen dirurik manejatu, orain ereñotzuarrek egingo duten moduan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!