Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Jon Anza auziaren balorazioa egiteko prentsaurrekoa eman zuen herenegun Biterin. Bertan, Jon Enparantza abokatuak (atzo atxilotu egin zuten) nabarmendu zuen erreakzio guztiek konfirmatu dutela hasierako uste sakona, «alegia, Gerra Zikinaren kasu baten aurrean gaudela. Datorren igandean urtea beteko da Jon Anza desagertu zenetik. Hamaika hilabetez desagertuta egon ondoren, martxoan agertu zen bere gorputza, Toulouseko gorputegian. Geroztik presaka etorri dira informazioak. Informazio horiek eta polizia, prokuradore, ospitala eta abarren erreakzioek konfirmatu dute euskal herritarren gehiengo zabalak barneratu duen bertsio bakarra».
«Gaixotasunaren ondoriozko heriotza sinestezina»
«Zabaldu den informazioak indartu nahi du Anzaren heriotza bere gaixotasunari soilik lotua izan dela, baina hain garbiak dira galderak eta hain ilunak erantzunak, gaixotasunaren ondoriozko heriotza sinestezina eta ezinezkoa bilakatzen dutela», argitu zuen. Horrez gain, egia badakitela azaldu zuen, baina argipena eta gardentasuna eskatzen dutela, eta egia osoa jakiteko, beharrezko ikusten dute presio politiko eta sozialarekin jarraitzea. Alde horretatik, kaleko mobilizazioen garrantzia azpimarratu zuen Enparantzak, eta etzi, Donibane Lohitzunen egingo den manifestaziora joateko dei egin zuen. 17:00etan izango da.