Mari Carmen Sieso eta Mertxe Iraola hernaniarrak eta Maixus Lasa, Lali Gutierrez, Berta Guillen eta Mertxe Aizpurua beren kasa hasi ziren Patchworka lantzen, hau da, tela puskak bata besteari josita mantak eta antzeko lanak egiten. Bidaia batean elkar ezagutu eta elkarrekin aritzen dira gaur egun seirak, euskaraz dioten bezala, oihalki-lanean. Atzo zabaldu zuten lehenengo erakusketa Hernanin.
Bertan ikusi daitezke 19 manta inguru, poltsak, karterak, nezeserrak eta baita josteko makinarentzako egindako funda bat ere, nahiz eta beraiek dena eskuz egin. Ikasle batek atzo azaltzen zuen bezala, «benetan txundituta geratzen da bat sei emakume horiek egin duten lana ikusita». Eta elkarlanean, manta bat egin eta zozketan jarri dute. Errifak bertan daude salgai 1,5 euroan. Larunbatean egingo da zozketa. Ordutegia: astegunez, 17:00-20:00; eta larunbatean, 10:00- 13:00.
Amish kultura ezagutzera
Jatorriaz galdetuta, Ameriketan sortu zela azaldu dute: «Europatik migratutakoek ez zituzten etxeko kortinak eta halako telak eta arrozaren zakuetatik-eta sobratutako telekin egiten zituzten». Gaur egun negozio bilakatu omen da eta manta batek 200 euroko balioa izan dezake.
Patchworka bizirik mantentzen da Estatu Batuetan Amish kulturan eta bertara joateko asmotan dira maiatzean, sei artistak.