«Oso bilketa sistema garestia da, iazko kostua ia hirukoiztu egingo du»

Kronika - Erredakzioa 2010ko api. 14a, 02:00

Jose Ramon Chica Herna­niko alderdi sozialistako bozeramaileak Atez Ateko bilketa sistemaren balorazioa egin zuen atzo prentsaurrean, eta azaldu zuen oso bilketa sistema garestia dela eta iazko kostua ia hirukoiztu egingo duela. «2009an kontenedore bidez egindako bilketaren kontratua 474.657 euro izan zen eta Atez Atekoa­rekin, 2010erako Go­ber­nu Tal­deak aurreikusten duen aurrekontua  761.532 euro­koa da. Eta honi gehitu behar zaio, aurreikusten dituzten 8 langileen kostua: gutxi gorabehera, 313.500 euro. Beraz, kostu guztia 1.075.000 euro inguru izango da».
Horrez gain, azpimarratu zuen ez dela inongo diru-sarrerarik aurreikusten: «Go­ber­nu Taldetik esan dute birziklatutakoa ´saltzeagatik` diru sarrerak izango ditugula eta kostua konpen­tsatuko duela, baina hondakinei da­gokien 2010eko aurrekontuan ez da inongo diru sarrerarik ageri». Eta behin eta berriz argitu nahi izan zuen, hondakinen bilketa Udalen konpetentzia dela, baina gestioa ezetz, eta konpeten­tzia hori hartuta Hernanik behar ez lituzkeen kostuak hartuko dituela.

«Helburu bera lortzeko modu ezberdinak»

Chicak azaldu zuen helburu be­­­ra lortzeko modu ezberdinez ari direla, «hau da, ahalik eta gehien birziklatu eta ahalik eta hondakin gutxien uzteaz. ANV eta Ezker Batuak Atez Ateko sistema proposatu dute errausgailuaren alternatiba ba­kar gisa, baina sistema hori bes­­te bilketa selektibo bat gehia­­go da, ez hobea ez okerragoa».
Hernaniko sozialistek, be­rriz, gaikako beste bilketa baten alde egiten dute: bosgarren kontenedorea. «Derri­go­rrezko sistema izan beharrean, boluntarioa da; santzioetan beharrean, herritarren uste osoan sinesten dugu; sistema garbiagoa eta iraunkorragoa da; ekonomikoagoa; eta lor­tzen den konposta kalitate honekoa da, beste sistemekin lortzen denaren berdina».  
Estefania Morcillo zinego­tziak gaineratu zuen, Atez Atekoa atzerapauso bat dela   kostuari, estetikari eta osasunari dagokionez, eta oso deserosoa dela herritarrentzat: «Ordutegi eta egun jakin ba­tzuen menpe egongo gara. Kontrolatuta egongo gara eta intimitatea galduko dugu eta herritarrak kezkatuta daude».

Foileto informatiboak
PSE-EE foileto informatiboak banatzen ari da Hernanin, etxez etxe, hondakin bilketaren inguruko bere jarrera ezagutzera emateko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!