Mañel Aizpurua (Bardulia) eta Maitane Danborena (Oarsoaldea) igerilari hernaniarrak Zaragoza Hiria Trofeoan hartu dute parte asteburu honetan, eta emaitza onak lortu dituzte biek. Bina domina lortu dituzte, hain zuzen ere. Aizpuruak 200m libre frogan bigarren postua lortu du 1:55.67 denborarekin eta hirugarrena 50m librean, 24.67 denborarekin.
Danborenak, berriz, 100m bizkar frogan bigarren egin du 1:06.71 denborarekin eta 50m bizkarrean ere bigarrena izan da 31.50 denborarekin.
Udaberriko Open Absolutoari begira
Asteburuko saioa, batez ere, beroketa modukoa izan da igerilari hernaniarrentzat; izan ere, Aizpurua, Danborena eta baita Olatz Altuna ere (Bidasoa), datorren astean jokatuko den Udaberriko Open Absolutoari begira daude. Txapelketa hori Malagan jokatuko da apirilaren 22tik 25era bitarte.
Horrez gain, apirila bukaeran eta maiatza hasieran Irunen jokatuko den Estatuko Ohorezko Mailako Taldeen Txapelketa dute helburu. Bertan parte hartuko dute txapelketa Olinpikoetan, Europakoetan... parte hartu duten igerilariek.