CAU Valentzia izango du aurkari Hernaniko errugbi taldeak Ohorezko Mailarako igoera playoffean. Joaneko partida bihar jokatuko dute goizeko 12:00etan Valentzian eta, itzulerakoa datorren igandean izango da Landaren. Kanporaketa honetan garaile ateratzen den taldeak datorren denboraldian Ohorezko Mailan jokatzeko txartela lortuko du zuzenean. Hori da aurtengo igoera faseko desberdintasunik haundiena. Iazko denboraldira arte, talde bakarra igotzen zen Estatu mailako errugbiaren elitera; baina aurtengoan, bi izango dira gorengo mailara igoko diren klubak. Hernanik badu esperientzia horrelako playoffetan, izan ere, azkenengo hiru urteetan bitan lortu du igoera faserako sailkapena. Igoera fase horietan Cajasol Rugby Ciencias eta Atco. Portuense talde andaluziarrek zapuztu zituzten hernaniarren igoerako ilusioak, baina aurtengoan, badirudi, helburua lortzeko aukerak ugariagoak direla.
Itzulerako partidua, Landaren
Itzulerako partidua etxean jokatzea izango da ziur aski hernaniarrek playoff honetan izango duten abantailarik haundiena. Ligan lehenengo postuan amaitzeak eman die abantaila hori, eta horren ondorioz, beste multzoko bigarren sailkatuaren kontra jokatuko dute, kasu honetan CAU Valentziaren kontra.
Hernaniko Errugbi Elkartean seguru daude taldeak daukan mailarik onena emango duela Valentzian, nahiz eta Arkaitz Otaño, Xabi Pernas, Iker Izeta, Ander Gutiérrez eta Asier Insaustik ezingo duten parte hartu lesioengatik, edota bestelako arazoengatik.
Valentziarrak talde sendoa dira eta liga hasiera oso ona egin zuten beraien multzoan, baina badirudi beherako joeran murgilduta ekingo diotela playoffari. Beraien multzoko lider izan ziren denbora luzez, baina bigarren itzulian ezin izan zioten liga hasierako martxa onari eutsi. Azkeneko partiduan lortu zuten igoera fasea jokatzeko sailkapena.
Bi taldeak maila antzekoa dutela uste dute Hernaniko taldeko arduradunek eta playoff parekatua espero da. Horrelakoetan gertatzen den bezala, bi partiduetan akats gutxien egiten dituen taldeak lortuko du errugbiaren Ohorezko Mailarako txartela.
Hernaniko errugbi elkartean konfiantza haundia dute taldeak duen mailarekin baina oso argi dute igoera lortzeko playoffa oso gogorra izango dela. Aurreko urteetan horrelako igoera faseetan esperientzia pilatzea zuten helburu nagusitzat baina aurtengoan igoeraren aldeko apostua argia da: «baina lehenengo partiduak jokatu behar dira eta ez dira errazak izango» haien esanetan.
Jubenilak Estatuko
txapelketarako sailkapenean
Hernaniko errugbi talde jubenila ere denboraldiko fase garrantzitsuenean murgilduta dago. Asteburu honetan Espainiako txapelketarako sailkapena jokatzen ari dira Landaren. Ostiralean jokatu zuten lehenengo partidua eta Cetransa El Salvador Gaztelako txapeldunaren kontra 20-12 galdu zuten. Gaur 13:30etan Liceo Frances eta Cetransa El Salvadorrekoak jokatuko dute triangularraren bigarren partidua eta bihar bukatuko da sailkapen fasea hernaniarren eta Liceokoen arteko partiduarekin. Igandeko partida 13:00etan hasiko da, eta ligaxkako lehenengo bi sailkatuek lortuko dute Espainiako txapelketarako sailkapena.