Gasteizko Parlamentuak eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzari, Langileko gurasoen nahia errespetatzeko. Legez besteko proposamena onartu zuen atzo Parlamentuak, bi puntu zituena. Batetik eskatzen da, fusionatu nahi duten ikastetxeak fusionatzeko; eta bestetik, Langile fusiotik kanpora uzteko eskatzen da, fusionatu nahi ez duelako.
Eskaera egina dago, eta orain, ikusi egin behar da Gobernuak zer erabakitzen duen.
Hernaniko ikastetxe publikoak elkartuta, 12-18 urteko ikastetxe bakar bat egiteko asmoa du Eusko Jaurlaritzak. Ikastetxe hori 2010eko irailean martxan izatea da Jaurlaritzaren asmoa; Urumea, Elizatxo eta Institutua ados daude fusioarekin, eta Langile ikastolak ez du oraingo baldintzetan fusionatu nahi.
Batzordean agerpena
Langile Ikastolako guraso, irakasle eta langileek hasieratik azaldu dute ikastetxe bateratu horren kontrako jarrera, «ez oraingo baldintzetan». Kontzentrazioak egin dituzte astero Urbieta kalean, hainbestean behin hezkuntza delegazioan, eta itxialdi bat ere egina dute.
Martxoaren 5ean Legebiltzarreko hezkuntza batzordean hitz egin zuten, eta Legebiltzarreko alderdi politiko guztiekin ere bildu dira; gehienen adostasuna lortu dute.
Bi puntuko proposamena
Proposamenaren alde hitz egin zuten Parlamentuko EAJ, Aralar, EB, PP eta EA alderdiek, eta aurka PSE-EE eta UPyD alderdiek. Bi puntu edo eskaera ditu idatziak, eta biak onartu zituen Parlamentuak: 1go puntuaren alde 47, kontra 26 eta abstentzio 1. 2garren puntuaren alde 48; kontra 26.
Hitzez hitz, hau da proposamena Eusko Jaurlaritzari:
1-Ekin diezaiola Hernaniko bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoen arteko fusioari, fusionatzearekin ados dauden ikastetxeekin.
2-Fusioarekin bat ez datorren Langile Ikastolako hezkuntza-komunitatearen erabakia errespetatuz, utz dezala ikastetxe hori fusio-prozesutik kanpora, harik eta ikastetxe horretako hezkuntza-erkidegoak fusioari buruz besterik erabakitzen duen arte».
Eztabaida Parlamentuan
Langileko kasuak eztabaida piztu zuen atzo Parlamentuko alderdien artean. PP eta EAJ alderdiek eskatu zuten, batez ere, errespetatzeko Langile ikastolaren nahia, eta fusio prozesutik kanpora uzteko: «presaka egindako proiektua da, ondo esplikatu eta informatu ez dena; presa badago egin, baina Langile pakean utzi». EBk salatu zuen, Hezkuntza Batzordeak egin dituen mugimendu guztiak arrazoi ekonomikoengatik egin dituela. Aralar eta EAk aurrekoaz gain, esan zuten, Langilek izaera berezia duela eta 2-16 proiektu bezala onartu behar dela.
PSE-EE eta UPyD alderdiek ez zuten proposamenaren alde egin. PSE-EEk defendatu zuen Hezkuntza Sailaren erabakia, «fusioa beharrezkoa delako Hernanin». Langile saturatuta dagoela esan zuen, eta Elizatxo eta Urumearen instalazioak egoera tamalgarrian. Bost urtean aztertu zen gaia zela ere esan zuen PSE-EEk eta horren ondorioa izan zela: fusioaren beharra.
Eskaera egina dago, eta orain ikusteko dago Hezkuntza Sailak zer erabakiko duen.
Langile ikastolak poza agertu zuen: «Legebiltzarrak gehiengoz gure alde egin du, eta fusioa ez diren beste bide batzuk ikusten dira. Horrez gain, bateratzea egin nahi dutenei ez zaie ezer oztopatzen, eta gure komunitatearen erabakia errespetatzen da».