iritsi da, aurten ere, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa martxan jartzeko garaia. Halaxe azaldu zuen Patxi Jauregi Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko lehendakariak herenegun egindako aurkezpenean; eta hori horrela, bertaratutako guztiak zain zeuden zozketari ekin zion Iñaki Galdos Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako Diputatuaren eta Iñaki Almandoz Kutxako arduradunaren laguntzarekin.
Jakina zen bezala, Hernani final zortzirenetan sartuko da Txapelketan, iaz azpitxapeldun izan baitzen, eta lehenengo kanporaketa horren zain dago, Zestoa edo Amezketaren aurka jokatzeko. Kanporaketa hori apirilaren 18an edo 25ean jokatuko da eta irabazten duen taldeak aurrez aurre izango du Hernani, maiatzaren 2an edo 9an.
Iazko talde kopuru bera
Eskuzko modalitateari dagokionez, aurtengoa 25. edizioa da eta iaz bezala, 23 herri izango dira parte hartuko dutenak. Kopuruan ez da aldaketarik izan, baina bai parte hartzaileen artean; bost herri berrik hartuko dute parte: Alegia, Eskoriatza, Soraluze, Tolosa eta Amasa-Villabonak. Iaztik baja direnak, hau da, aurten parte hartuko ez dutenak, berriz, honakoak dira: Anoeta, Asteasu, Berastegi, Idiazabal eta Lizartza.
Palako Txapelketan ere, iazko kopuru bera mantendu da; 9 talde. Aldaketa bakarra izan da: Deba da partaide berria eta Lazkao baja. Zesta-puntan, berriz, kopuru eta talde berak izango dira lehian: Donostia, Tolosa eta Zumaia.
Iazko txapeldunei dagokienez, eskuz Bergara izan zen txapelduna eta Hernani txapeldunordea. Palan, Andoainek irabazi zuen eta Oiartzun txapeldunorde izan zen. Eta zesta-puntan Tolosak mendean hartu zuen Zumaia.
Finalak ekainean izango dira. Eskuz, ekainaren 13an izango da. Pelotalekua erabakitzeko dago oraindik. Palakoa ekainaren 19an izango da Zarauzko Aritzbatalden eta ekainaren 27an, Zesta-puntakoa.