kuboak hartzen ari dira Hernaniko familiak, eta dagoeneko lautik hiru familiak etxean dituzte bereak. Hori da Ingurumen Sailak prentsa oharrean adierazi duena. «Dagoeneko 5.647 familik jaso dituzte kuboak, familien %72k». Kuboak hartzeko astebete falta da, eta Izaskun Txintxurreta ingurumen zinegotziak adierazi duenez, orain arteko erritmoan jarraituta, apirilaren 16rako kubo guztiak banatuak egongo dira. «Hernaniarrok atez atekoa ondo egingo dugu. Astebete daukagu falta diren kuboak banatzeko, eta orain arteko erritmoan denak banatuko ditugu. Udalaren aurreikuspenak betetzen ari dira».
Zintzilikatzeko erdiak jarriak daude
Horrez gain, ingurumen sailak dioenez, Udalak kaleetan zintzilikatzekoak jartzen jarraitzen du, eta dagoeneko erdiak jarriak daude. Kale hauetan jarriak daude: Florida, Mañe y Flaquer, Karmelo Labaka, Montebideo, Perkaiztegi, Gabriel Zelaia, Sagastialde, Sagastialde Berri, Antziola, Latsunbe eta Latsunbeberri.