Extremadura hobeto ezagutzeko aukera izango da gaur eta bihar Hernanin, urtero bezala. Gaur bideo emanaldia da Biterin, Extremadurako bazterrak erakutsiko dituena, eta bihar, urteroko festa haundia: jaki eta edari erakusketa, artisau lanen erakusketa, eta dantza eta kantua. Denak Extremadurako giro, usai eta erritmoan.
Caceres eta Badajoz,
bi herrialde zoragarri
Jerteko gereziak loratan daude garai honetan eta hegoaldeko herri txuriak beti dira ikusgarri, edozein urte garaitan. Guadalupeko Amabirjina, Meridako arrasto erromatarrak... Dotorea da Extremadura, eta hala azalduko dute gaur Biterin, bideo emanaldian. Emanaldia 19:30etan hasiko da, eta ordu eta erdi inguruan aukera izango da hango bazterren berri izateko.
Hamaiketakoa eta paseoa,
‘giro extremeñoan’...
Bihar goizeko 10:00etan hasi eta arratsaldera arte giro bikaina izango da Atsegindegin, Extremadurako produktuak probatu, artisau lanak ikusi, eta informazio turistikoa eskuratzeko aukera izango baita. Virgen de Guadalupe dantza taldeak jarriko du giroa, eta aitzakia ederra izan liteke, nahi duenak, paseo bat eginez mokadu bat jateko.
Harrera ona Hernanin
Donostiako Extremadura etxeak antolatzen ditu jardunaldiak, aurten 18garren urtez jarraian. Arduradunek diote, urtetik urtera harrera hobea izan duela Hernanin, eta Donostialdetik bezala, Hernanitik ere gero eta jende gehiago azaltzen dela.
Extremadurako bazterrak eta literatura.
Biharko erakusketan, Extremadurako literatura, eta bertako lekuen gida turistikoak erosteko aukera jarriko dute, eta artisau extremeñoek egindako eskulanak ere izango dira eskura.