Txikiek hasiko dute astebete iraungo duen ‘dantza festa’

Kronika - Erredakzioa 2010ko api. 9a, 02:00

Erromeriak, kalejirak, era­kusketak... urtero bezala dan­tza eskaintza zabala ekarriko du Hernanira dantzari festak, eta apirilean protagonismoa hartuko du, astebete iraungo duen festak. Euskal Herriko txoko askotatik etorriko da ordezkaritza Herna­ni­ra, bazter guztietako euskal dantzak ikusi ahal izango dira. Ha­siera, dantzari txikiek emango diote, datorren larubatean, apirilaren 17an.

Bi asteburuak, bete-beteak
Asteburuetan izango da mu­gimendurik haundiena, beti bezala. Txikiak izango dira protagonista apirilaren 17an, eta goiz eta arratsalde ariko dira herriko kaleetan.
Igandean, apirilaren 18an, zazpi probintzietako dantza taldeak izango dira Herna­nin, goizean auzoz auzo, eta eguerdian Gudarien plazan.
Hurrengo asteburuan ere bi egunak izango dira beteak. Larunbatean erromeria izango da Ezpeletako Xan Iparragirre txarangaren es­kutik. Igan­dean, festari behar bezalako bu­kaera emateko, Burrunka dantza taldearen emanaldia izango da Biteri kultur etxean. Sarrerak dagoeneko salgai dau­de Biterin bertan, 5 euroan.  

Erakusketa aste osoan

Euskal jantzien erakusketa ere izango da ikusgai, apirilaren 19tik 23ra Biterin, arra­tsaldetan, 17:00etatik 20:00­etara. Jantziei buruzko hitzaldia ere bada ostegunean, eta erromeriak eta kalejirak ere ez dira faltako aste osoan.

EGITARAUA:
Hilak 17, Dantzari Txikiak: Kaxkoan. 12:30.
Dantzari Txikiak: Hernaniko kaleetan. Ttarla, Egoipar, Eskola, Tre­beska, Astigar, Ereintza. 17:00.
Erromeria: Hernaniko kaleetan. Gasteizko txistulariak (Adurtza)

Hilak 18, Kalejira: 11:00.
Dantza ekitaldia: herriko auzo eta kaleetan. Gipuzkoa, Araba, Bizkaia, Nafarroa Garaia, Nafarroa Behera, Lapurdi, Zuberoa. 11:00.
Ikurriña dantza: talde guztiak. Gudarien plaza. 13:30.
Bazkaria: Atsegindegin. 15:00
Erromeria: Hernaniko kaleetan.
Hilak 19-23, Euskal jantzien erakusketa: Biterin. 17:00-20:00.
Hilak 21, Hitzaldia: Baserritarren janzkerak. Ramon Garcia. Biteri. 19:00
Hilak 23, Erromeria: Plaza Berrin. 18:30. Xan Iparragirre Txaranga.
Hilak 24, Burrunka dantza taldea: Biteriko areto nagusian. 20:00. Sarrerak salgai Biterin, 5 euroan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!