san marko Mankomunitateko Batzarrak onartu du Hernaniri eta Oiartzuni eskumenak bueltatzea, hondakinak biltzeko eta tratatzeko. Eskumen edo egin behar horiek udalarenak dira, eta bere garaian, Hernanik San Marko mankomunitateari delegatu zizkion, bailarako beste herri guztiek bezala. Orain, Hernanik eta Oiartzunek eskumen horietako batzuk eskatu egin dizkiote San Markori, eta hori da, hain zuzen ere, aste honetan Batzarrak onartu duena. Hernanik eta Oiartzunek zaborrak biltzeko eta tratatzeko enpresa publikoa sortuko dute Usurbilekin batera, eta eskumenak berreskuratzea zen enpresa hori sortzeko beharrezko pausuetako bat. San Markok, eskaera hori onartzeaz gain, Oiartzun eta Hernanirekin kolaborazio hitzarmena onartu du, gaikako bilketa bultzatzeko helburuarekin.
Erraustegiarentzat
6 urteko moratoria
Horrez gain, San Markok Foru Aldundiari eskatu dio Zubietako erraustegia egiteko epea 6 urte atzeratzeko. Horrela, San Markok bat egin du Usurbilgo Hitzarmenarekin. Hitzarmen hori Gipuzkoako sindikatu gehienek sinatu zuten, eta baita zenbait alderdi politiko eta talde ekologistek ere.
Hitzarmen horrek dioenez, Gipuzkoa osoan martxan jarri beharko litzateke zero zabor ideiarekin bat egiten duen programa, «bilketa selektibo onena eta konpostatzea, horrek behar du ardatza».