CCOOk dei egin die Orbegozo enpresan amiantoarekin lan egin zutenei Osalanekin kontaktuan jartzeko

Kronika - Erredakzioa 2010ko api. 7a, 02:00

CCOOk Osalanera joateko deia egin die Pedro Orbe­gozo enpresan lan egin zuten langileei. Deia, orain arte, amiantoarekin lanean aritutako langileei bakarrik zu­zendu izan zaie, osasun azterketak egin ditzaten. Oraingoan ordea, zabalagoa da. Osalanek egindako informeen arabera, gaixotasunak izateko arriskua ez dute amiantoarekin zuzenean lanean aritutako langileek bakarrik. Informean jakinarazi dute amiantoarekin zuzenean lanean aritu ez ziren langileek ere gaixotasunak hartzeko arriskua dutela, produktu horiek arnasteagatik. Osalanek arrazoia eman dio CCOOri Horrez gain, CCOOk adierazitakoaren arabera, Osalanek arrazoia eman dio sindikatuari. Osalanek, aurreneko aldiz, 16 informe aurkeztu ditu Or­begozo enpresan amiantoarekin lan egindako langileen inguruan.

Osasun azterketak egitearen garrantzia
Azterketa medikuak egitearen helburua da gaixotasunei aurre hartzea eta jarraipena egitea. Jesus Uzkudun Euskadiko CCOOko Osasun ardurandunak adierazi du, deiaren helburua ez dela alarma soziala piztea, baizik eta langileei dituzten eskubideen berri ematea.

Osalanekin edo CCOOrekin kontaktatu
Orbegozon lanean aritu zirenek jo behar dute Osalanek Donostian duen egoitzara, edo CCOOk Hernanin duen egoitzara. Bertara eraman beharrekoak dira NANren fotokopia eta bizitza laboralaren ziurtagiria.

Langile guztien artean deia zabaltzea
CCOOk ahalik eta langile gehienen artean zabaldu nahi du mezua, baina ez dela erraza gaineratu du. Orbe­gozo enpresako langile asko dagoeneko jarri dira kontaktuan mediku jarraipenak egiteko, baina Uzkudunek jakinarazi du, oraindik ehundaka falta direla: «enpresa itxi zenean, bertan lan egiten zuten asko euren herrietara itzuli ziren».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!