Jatorriz euskerazkoak diren abizenak, hala nola, Aguirreche, Echeverría, Jauregui, Arregui, Erquicia, Aguirre... hemendik aurrera, agiri ofizialetan euskeraz idatzita jartzea nahi duenak oso erraz egin dezakeela jakinarazi dute Buruntzaldeko Udalek. Horretarako jarri dute martxan Apelliduak abizendu ekimena. Ekimen honen bidez, jarraitu beharreko pausoak zein diren azaldu dute.
Udaletxera eta Bake Epaitegira bakarrik
Azaldu dutenez, bi tokitara bakarrik joan behar da: Udaletxera eta Bake Epaitegira. Donostian jaiotakoa izanez gero, Donostiako erregistro Zibilera ere joan beharko da. Eskuratu behar diren agiriak, berriz, hiru dira: errolda-agiria, Udaletxean eskatu behar dena; jaiotze agiri ofiziala, jaioterriko Bake Epaitegian eskuratu behar dena; eta NANren fotokopia. Ezkonduek edo seme-alabak dituztenek Famili Liburua ere eraman behar dute. Agiri horiek herriko Bake Epaitegira eramatea nahikoa da, eta horrekin, han bertan egingo dute abizen-aldaketa.
Donostian erregistratuta daudenek, jaiotze agiria eskuratzeko, Donostiako erregistro Zibilera joan beharko dute (herriko Bake Epaitegira joan beharrean). Erregistro Zibila Kalkutako Teresa plazan dago, Donostian.