Suziri Olinpikoa Atenastik abiatu zenetik, joan den astean iritsi zen lehenengo berria Hernanira. Ilargian omen zebiltzan suziria daramaten lasterkariak. Azken komunikatua, berriz, atzo iritsi zen Kronikara eta egoera larrian dago suziria. Hona hemen, bidalitako azken komunikatuak dioena: «Ilargitik lurrerako bidea bizkor egin du Suziri Olinpikoak, Mateo Txistuk emandako ostikoarekin. Artikoan erori zen Suziriaren eramailea, baina sua ez da itzali, ez hotzarekin, ez urarekin, ez horregatik! Txipiroitan zebilen pakebote bat hartuta, Somaliako lur ertzetara gerturatu da Suziri Olinpikoa, eta komitiba guztia, baina hara non piratek bahitu egin duten ontzia. Hernaniko gazteak diru biltzen hasiak omen dira erreskatea pagatzeko. Nazioarteko laguntzarekin, edo gabe, ez dakigu nola, baina seguru gaude Surizi Olinpikoa apirilaren 24rako Hernanin egongo dela. Egon behar du!».
24an aurkezpen eguna
Ondo bidean, herri olinpiadak hiru aste barru, hau da, apirilaren 24an hasiko dira, larunbata. Aurkezpen eguna izango da eta horretarako antolatu dituzte, paella lehiaketa, desfileak, kontzertuak. Hortikan aurrera, astebururo izango da saltsa Hernanin.