NATURAZ disfrutatu eta abenturaz betetako eguna pasatzeko aukera paregabea dute Txindokiko magalera hurbiltzen diren guztiek. Apirilaren 2an zabaldu zuten ‘Txindokiko Itzala’ parkea, Larraitzen, eta arduraduna Ekaitz Zubelzu hernaniarra da.
Abaltzisketako Udalak egindako deialdia
Abaltzisketako Udala izan zen parke baten beharra zela eta, deialdia egin zuena. Helburua zen, herriari eta eskualdeari garapena emango zion parkea egitea, eta turismo aktiboa bultzatzea.
Deialdiari erantzunez, Ekaitz Zubelzu hernaniarrak proiektua aurkeztu zuen, Txindokiko Itzala izenekoa, eta hernaniarrak adierazitakoaren arabera, ez zuen parke soila aurkeztu: «ez genuen parke soil bat izatea nahi. Parkea bera mendi irteerekin uztartu nahi izan dugu, bertara hurbiltzen direnek ingurua ere ezagutu dezaten. Irteerak antolatzen dira, artzaiengana, baserrietara... euren produktuak saltzen dira... amankomunean lana egitea da gure proiektuaren helburua».
Lau ibilbidetan
banatutako parkea
Parkea Txindokiko magaleko basoaren barruan egina dago, pago eta haritzen artean. Zuhaitzetatik zintzilik daude sareak, tirolinak...
Horrez gain, parkea bera ere lau ibilbidetan dago banatua, altuera eta adin tarte ezberdinak kontuan izanda: Sugar ibilbidea, Basajaun ibilbidea, Mikelats-Atarrabi ibilbidea eta Mariren ibilbidea.
Sugar ibilbidea ezindu fisikoei zuzendua dago, batez ere ezintasuna hanketan dutenei. Ezinduek, ibilbideko zati gehienak eskuekin egiten dituzte.
Basajaun ibilbidea umeentzat prestatua dago, hau da, lau urtetik zortzi urte bitartekoentzat, edo neurri batetik behera neurtzen dutenentzat. Basajaun ibilbidea zortzi gune ezberdinetan dago banatua, tirolina, zubi eta kable artean.
Hirugarren ibilbidea da Mikelats-Atarrabi, bederatzi gunez osatua.
Eta azkeneko ibilbidea da helduei zuzendutakoa. Honek 11 gune ditu, eta 47 urtetik beherakoek hartu dezakete parte.
Parkea egunero dago
zabalik
Ekaitz Zubelzuk adierazitakoaren arabera, parkea asteko egun guztietan dago zabilik. Astegunetan eskoletatik joandako gazteentzat irekitzen dute, eta asteburuetan eta jai egunetan, herritar guztientzat, 10:30etatik 18:30etara.
Kostuari dagokionez, adinaren arabera banatu dute prezioa: umeek 5 euro ordaindu behar dituzte, gazteek 9 eta helduek 15. Aldez aurretik erreserbak egin nahi dituztenek, 628 947 253 telefonora deitu behar dute.
Beste hernaniar
batzuk ere lanean
Parkeko arduraduna Ekaitz Zubelzu bada ere, ez da bertan lanean ari den hernaniar bakarra. Montajean ari dira lanean Zuhaitz eta Baiona hernaniarrak, parkeko mitologia alorrean Axpi ari da marrazkiak egiten, eta udarari begira, Patxi.