Urtero bezala, Ostiral Santu egunez, Gurutz-bidea egin zuten herritar ugarik. Eguraldiak lagunduta, asko eta asko izan ziren goizean goiz Plazatik abiatu, eta irudikatu zutenak Santa Barbara mendian gora, Jesusek hil aurretik Golgota mendian bizitu zuena.
Gurutzeari jarraituta, Santa Barbarako ermitarainoko bidean dauden 14 gurutzeetan geldialdiak egin zituzten. Geldialdi bakoitzean Hernaniko parrokoak gogora ekarri zuen Jesusek bizitutako gertaera eta ondoren, bertan bildutakoek otoitz egin zuten.
Ostiralean, Gurutz-bideaz gain, Jesusen Pasioa ere ospatu zen. Arratsaldean elizkizunak izan ziren herriko parrokietan.
Pazko Gaubeila ospatzeko elizkizunak atzo
Atzo berriz, Pazko Gaubeila izan zen; eta Jesus hilobitik atera zeneko gaua gogoratzeko, elizkizunak izan ziren arratsaldean. San Joan Bataiatzailea parrokian, gainera, Bataioak izan ziren eta aitortzeko aukera ere izan zen.
Gaur, Pazko Igandea,
Meza Nagusiak
Jesus hil eta hiru egunetara berpiztu zela ospatzen da gaur, Pazko Igandea. Hori horrela, Meza Nagusiak izango dira goizean zehar herriko parrokietan: Agustinetan 09:00etan; Ereñotzun 10:00etan; San Jose Langilean (Bataioak) 11:00etan; eta San Joan Bataiatzailean 12:00etan izango dira.