Atez Ateko sistema ezartzeko Hernaniko Udalak lortu dituen akordioen aurka, Astigarraga eta Errenteriako Udalek helegitea aurkeztu dutela eta, Ricardo Ortega Sanmarko Mankomunitateko presidenteak argi utzi du Hernaniko Udala ez dela inongo konpetentziak kentzen ari inori.
«Horren ordez, Atez Atekoa den esperimentu arrakastatsua martxan jarrita, Hernanik lortzen duena da Mankomunitate honek dituen helburuak bultzatzea, hau da, bilketa selektiboa bultzatzea. Eta horrez gain, ingurumen legedia, Europatik datozen direktibak eta Hondakinen Legea betetzea. Horiek behartzen baitute organikoa bereizita jasotzea ondoren konposta egiteko, eta gainerako frakzioak ere bereizita jasotzea ahalik eta gehien birziklatzeko eta zaborra gutxitzeko».
Konpetentziei dagokienez, hiru datu argigarri eman ditu Ortegak: «Hondakinak bildu eta tratatzeko konpetentzia Udalena da berez. Udalek eman ditzakete zerbitzu hauek beren kasa bakarrik edo Mankomunitateen bidez. Azken kasu horretan, konpetentzi guztiak edo batzuk Mankomunitateari uzten zaizkio». «Beraz, kontenedoreen bidez Sanmarko burutzen ari den bilketa selektiboa Udalek utzi dioten konpetentzia da; eta Udalek berreskuratzeko aukera dute, Usurbilek egin zuen bezala; eta laster Hernanik eta Oiartzunek egingo duten bezala», gaineratu du.
Erraustegiarekin 500 milioi euro baino gehiagoko gastua
Helegiteak salatzen duen beste kontu bat da interes publikoa ez dela defendatzen eta dirua xahutzen dela. Horri erantzunez, Ortegak dio Zubietan egin nahi den erraustegiarekin 500 milioi euro baino gehiago gastatuko direla. «Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak kalkulatutako diru kopuruari, 264.010.000 eurori, gehitu behar zaizkio beste kostu batzuk; hala nola, Gastu Orokorrak (%13), Industria Mozkina (%6), BEZa (%16), kalitate, segurtasun eta osasun kontrolak...».
«Hobe lukete beharrezkoak ez diren eta kaltegarriak diren azpiegitura horietan horrelako diru kantitaterik ez xahutzea, eta arriskuan ez jartzea ingurumena eta gipuzkoar guztion osasuna».