Nolakoa da gaur egun Gipuzkoa? Nola irudikatzen duzu 20 urte barru? Nola ikusi nahi zenuke 20 urte barru? Galdera horien inguruan hausnarketa-prozesua hasi zuten Gipuzkoako ia 700 gaztek 2009ko udazkenean, eta joan den astean, erantzunen berri eman zuten. Irungo FICOBA erakustazokan egindako ekitaldian eman zituzten erantzunak gazteek beraiek. Gazteek egindako lana ikusteko aukera izateaz gain, Jon Maia eta Andoni Egañaren bertsoek eta bat-bateko antzerki laburrek lagundu zuten giro alaiari eusten.
Egungo diagnostikoa egin eta estrategiak proposatu
Gazteek gaur egungo Gipuzkoaren diagnostikoa egin eta 20 urte barruko Gipuzkoa irudikatu dute, baita horretara heltzeko estrategiak proposatu ere 12 gairen inguruan. Landutako batzuk honakoak izan dira:
Euskera: «Gipuzkoan beste lurraldeetan baino gehiago erabiltzen da, baina hirietan gutxiago herri txikietan baino. Aurrera begira euskera normalizatua egotea gustatuko litzaiguke gizarteko esparru guztietan».
Gazteen emanzipazioa: «geroz eta beranduago alde egiten dugu etxetik hainbat arrazoi medio, eta gazteek etxetik lehenago joan ahal izateko, bultzatu behar dira, besteak beste, babes ofizialeko etxebizitzak, alokatze-sistema berri eta errentagarriak...».
Inmigrazioa: «etorkinen tasa etengabe igotzen ari da eta gero eta integratuago daude. Baina lan egin behar da oraindik ondo integratzeko eta bertakoen eskubide berdinak izan beharko dituzte».
Ingurumena: «Euskal Herrian ingurumen aberatsa dugu, baina industrialdeak hazteak, etxebizitzak, errepideak eta AHT makroproiektua eraikitzeak ingurumena izorratzen du. Ingurumenean pentsatu behar dugu aurrerapena baztertu gabe eta herritarren iritzia kontuan hartu».
14-24 bitarteko gazteak
Gazteak +20 proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri zuen martxan, Elhuyar Aholkularitza enpresak lagunduta, eta helburua zen, Gipuzkoarentzat etorkizuneko ikuspegi bat eratu eta epe luzeko estrategia bat adostea eragile ezberdinekin.
Azaldu dute, gaur egungo gazteak izango direla 20 urte barru Gipuzkoa lideratzeko erantzukizuna izango dutenak, 14-24 urte bitarteko gazteek hartu dute parte proiektuan. 661 izan dira guztira. 14 ikastetxek hartu dute parte eta horien artetik Hernani Institutuak. Buruntzaldetik 27 gazte izan dira. yy