Ereñotzuk auzo udala nahi duela esan zuen atzo, erreferendumean. Parte hartzea ia %59koa izan zen, eta, iritzia eman zutenen %95,4k auzo udalaren alde egin zuen. Goizean goizetik mugitu ziren ereñotzuarrak botua ematera eta eguerdi aldera izan zen jenderik gehiena kultur etxean. Hamaiketako antolatua eta afari merienda espontaneoa ere izan zituzten, eta erreferenduma bultza dutenak oso gustora daude emaitzarekin. Hernaniko Udaletik Gobernu Taldeko ordezkariak eta EAJkoak hurbildu ziren Ereñotzura.
270 alde, 13 kontra
Emaitzak ez du dudarako aukerarik uzten. 270 botu izan ziren auzo udalaren aldekoak, eta 13 kontrakoak. Botua eman zezaketenak, hau da, 18 urtetik gorakoak, 483 ziren, eta guztira 283k bozkatu zuten. Parte hartze dezentekoa, ia hamarretik sei, hain zuzen ere.
16-18 urte bitartekoei ere eman nahi izan zitzaien aukera botua emateko (aparteko ontzi batean). Guztira,
8 gazte daude adin tarte horretan, eta 7 izan ziren botua eman zutenak; denek auzo udalaren alde.
«Espero zen erantzuna»
Emaitzarekin oso gustora agertu ziren Olak Auzo Elkarteko kideak. «Espero genuen Ereñotzuk auzo udalaren alde egitea, eta gaur konfirmatu egin zaizkigu gure usteak. Ereñotzuarrek oso ondo erantzun dute, eta eskerrak eman beharrean gara parte hartu duten guztiei».
Olak Auzo Elkarteak bost urte daramazki lanean, auzo udala sortzeko, eta atzo ikusi zuten lan horrek merezi izan duela. «Lanean jarraitzeko indarra eman digu honek».
Orain emaitzak Gipuzkoako Foru Aldundiari bidaliko zaizkio, eta hark emango du azken erabakia. Bitarte horretan lan asko daukate egiteko: «udalarekin gauzak zehaztu, lehentasunak markatu, eta abar luze bat...». yy