Gazte Asanbladakoek antolatutako olinpiadak hasteko, hilabete baino gutxiago geratzen da. Hori dela eta, Hernaniko taldeak beren prestaketa lanak egiten hasiak dira, paella egiteko ontziak garbitzen, eta patinei olioa ematen besteak beste. Jakinarazi digutenez beste konstelazioko koadrila batek ere erronka bota omen die Hernaniko taldeei. Hona hemen Kronikako erredakziora bidali duten komunikatua: ‘Joku Olinpiko nazioartekoak ez, galaxiartekoak antolatu dituzte Hernaniko gazteek. Alfa Omega konstelaziotik mezua iritsi da erredakziora, asmoa dutela zazpi koadrila bidaltzeko. Marten sulfito pintxo bero batzuk dastatzeko tartea hartu eta gero, Suziri Olinpikoa Ilargira heldu zen atzo eguerdian. Gaua ailegatu arte itxaron behar izan zuten Ilargia zapaltzeko, irudian ikusten denez, baina merezi izan zuen. «Zein polita ikusten den hemendik Hernani», esaten zuten Suziria zeramaten lasterkariek: «Zikuñagako keak lainoekin nahasten direla». Mateo Txistu ere handik zebilen, kondenatu gaixoa. Inbidia eman diote hernaniarrek, eta Suziriaren atzetik lasterka hasi da, erbiak utzita.’
Errifen bila pasa behar da
Aipaturiko Joku Olinpikoak direla eta, Gazte Asanbladakoek dei egiten diete parte hartuko duten taldeei errifen bila pasatzeko. Gutxienez taldeko kide batek pasa beharko du bihar, arratsaldeko 19:00etan Biteritik.