Zaharren Egoitza, Eguneko Zentroa, eta apartamendu tutelatuak, edifizio bakarrean

Kronika - Erredakzioa 2010ko api. 4a, 02:00

«Edifizio berria egin beharra zegoen. Zaharren Egoitzak 111 plaza izaten jarraituko du, ez da orain baino jende gehiagorentzat lekurik izango; baina horixe zen legeak eska­tzen zuena. Egokitu beharra geneukan egungo baldintzetara». Hori­xe da Udal arduradunek joan den asteazkenean adierazi zutena.
Legeak dio 3 pertsona ezin direla gelan batera egon, eta gutxienez, batentzako gelak izan behar dute %25ek. Fun­tsean, horretara egokitzeko egin dute erakin berria.
2007ko abenduan hasi zi­tuzten obrak, gestioak lehenagotik bazetozen ere. Lehengo asteazkenean bukatu zituzten obrak. Azkenean, 6 pisuko erai­­kina izango da. Zaharren Egoitzarako 3 pisu izango dira; eta beste 3 pisutan joango dira Eguneko Zen­troa (20 lagunen­tzako), 4 etxebizitza (80 m2-koak) eta 13 apartamendu tu­te­latu (30 m2-koak).

Goiko hiru pisuak
Zaharren Egoitzarako

Zaharren Egoitzaren anpliazioa, berez, hiru pisutan egin dute. Goiko hiru pisuak izango dira horretarako, eta eraikuntza zaharrarekin komunikatuta egongo dira.
Lehen­da­biziko pisuan, uni­­tate psikogeriatrikoa izango da (dementzia larria dutenentzat: alzheimerra eta abar). Pasillo oso zabaleko pisua da, eta bertan 15 plaza izango ditu. Edifizio zaharrean pisu berean beste 15 plaza izango dira helburu berarekin, eta bi eraikinak komunikatuta egongo dira.
Goragoko bi solairuetan ere Zaharren Egoitzako gelak joango dira, oso argitsuak, eta balkoi haundiekin, batera eta bestera ibiltzeko oso egokiak.

Eguneko Zentro berria,
beste 20 pertsonentzat

Eguneko Zentro berri bat joango da edifizio berrian, beheko solairuan, eta hogei lagunen­tzat lekua izango du. Lehengo Zaharren Egoitzako Eguneko Zentroak ere jarraitu egingo du, eta 30 plaza dauzka. Ho­rrek esan nahi du, 50 per­tsonen­tzat lekua izango dela bi eraikuntza horietan.

Apartamendu tutelatuak,
eta etxebizitzak,
zerbitzu komunitarioekin

Eraikuntza berriak Udalarenak izango diren 13 apartamendu eta 4 etxebizitza izango ditu. Udaletxeko zerbitzu sozialek erabakiko dute zeini eskainiko zaion hor bizitzea, baina baldintza jakin batzuk bete beharko dira. Autonomia izatea da baldintzetako bat.
Zerbitzu komunitarioak era­biltzeko aukera izango dute: garbiketa zerbitzua (erropak, oheak...), Eguneko Zen­trora sarrera, larrialdietarako komunikazio zuzena...  
Etxebizitzek 80 m2 dituzte. Sukaldea, sala, hiru gela, eta bi komun dituzte. Oso argitsuak dira, eta beste sarrera bat izango dute, indibiduala eraikinaren saihetsetik. Familia baten­tzat oso egokiak izan litezke.
Apartamenduak txikiagoak dira, 30 m2 ingurukoak. Bi­zitzeko behar-beharrezkoa de­na daukate: komuna, ohea, sukaldea... Egoi­tzako sarrera nagusitik sartzen da apartamendu horietara.

Instalazioak, eguzki plakak...
Horrelako eraikuntza batek instalazio haundiak behar ditu: berogailua, argi-indarra... Ho­riek beheko pixuan izango ditu. Horrez gain, eguzki plakak ere jarri dituzte eraikuntzaren gainekaldean, eta asmoa dute ur beroaren %50 eguzki plakekin ateratzea. Gaur egun, beste udal eraikinetan ere eguzki plakak jarrita daude (kiroldegia, euskaltegia, Bite­ri...); orain, Zaharren Egoitzak ere hala izango ditu. 

Zerbitzuak erabiltzeko aukera izango dute
13 apartamenduek

Egoitza berriak dituen 13 apartamenduak indibidualak dira, eta  oinarrizkoa daukate pertsona bat bizitzeko. Gela bat daukate, sukaldea, ohea eta mahai bat-edo jartzeko, eta aparte komun bat daukate; guztira, 30 m2 inguru. Horrez gain, nahi dutenean zerbitzu komunitarioak erabiltzeko aukera izango dute: garbiketa zerbitzua, jangela zerbitzua, Eguneko Zentrora sarbidea... Larrialdi kasuetan erabili ahal izateko ‘alarma’ ere apartamendu guztiek daukate, Zaharren Egoitzarekin zuzenean konektatua egongo dena (beheko argazkian ikusi).
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!