Hernaniko Musika Eskolak mende laurdena betetzen du aurtengo ikasturtean, eta ez da urteurren makala gero! Dena dela, Hernani aspalditik egon izan da musikari lotua. Epe motz bat salbu, XX. mende osoan izan dira Musika Banda, Txistulari taldea, Abesbatza eta nolabaiteko Musika Akademia, Gipuzkoako herri askotan ez bezala.
Musika Eskola nondik eta nola sortu zen eta egungo egoeraren berri izateko, Joxan Goikoetxea zuzendariarekin eta Iñaki Eguren eta Roberto Pacheco ikasle ohi, eta egun, irakasleak direnekin bildu da Kronika. Eguren, gainera, Musika Eskolari buruzko liburua egiten ari da eta zenbait datu esanguratsu ekarri ditu gogora.
Musikari lotutako herria
Musika Eskola sortu aurreko garai hartan, Musika Bandako zuzendaria izaten zen Akademia zuzentzeaz arduratzen zena herri gehienetan; Hernaniren kasuan, Don Juan Jose Iruretagoyenak izan zuen ardura hori. Akademia hark funtzionatu zuen Hernaniko Udal Musikategia sortu arte, 1985 urtera arte. Musikategia, Musika Eskola izatera pasa da gerora.
Garai hartaz honakoa kontatu dute Musika Eskolako kideek: «Ordurako zerbait bazegoen. Don Manuel Yaben aritzen zen akordeoiarekin… Eta eskola sortu aurretik, pare bat urte lehenago ere, hasi ziren Imanol Urbieta, Fernando Ederra-eta, ikastoletan lanean eta gitarrako klaseak ematen. Udaletxea konturatu zen bazegoela mugimendu bat eta lehenengo gauza egin zutena izan zen pianoko irakasle bat kontratatzea. Montserrat Auzmendi izan zen. 84-85 ikasturtean hasi zen lanean. Don Juan Jose bera jubilazioa pasata zegoen…»
Eta orduan iritsi zen Musika Eskola: «Udaletxeak bazekien beste zerbait egin behar zuela, solfeoa, pianoa, txistua eta akordeoia mantentzeaz gain. Bazegoen apustua kontserbatorio hau egitekoa, hezkuntza ofizial bat, antolatua eta kondiziotan.
Eta 85-86 ikasturtean, guk aurreneko urte bezala kontatzen dugunean, kontratatu ziren irakasle berriak: Juanmari Beltran, txistua, dultzaina, alboka, txalaparta irakasteko; Arantxa Alberdi pianoa emateko; Joxan Goikoetxea akordeoia; Erramun Oiartzabal saxofoia; eta Eduardo Lassalette biolina. Azken hori ez zen izan aurreneko apustua, baina kontserbatorioa sortu nahi zen, hezkuntza ofiziala lortu nahi zen, eta Donostiako kontserbatorioak eta legeak eskatzen zuen gutxienez musika sinfonikoko bi adar edukitzea. Bigarren ikasturtean, 86-87, trikitixa sartu zen eta Joseba Tapia izan zen irakaslea».
Herritarrek eman zuten erantzunaz galdetuta, Musika Eskolak sekulako harrera izan zuela azaldu dute; «izan ere, ohitura eta eskaera bazegoen. Aurreneko urtean ikasleak 200 bat izan ziren eta bigarren urtean jendea etorri zen masan. Aurreneko hamar urteetan, 400 ikasletik gora zeuden. Gero mugatzen joan zen diru eta espazio aldetik eta momentu honetan hor gabiltza, 500eko mugan».
Aldaketak hezkuntzan
90. hamarkadan, LOGSErekin hezkuntza sisteman aldaketak izan ziren eta baita Musika Eskolan ere. «Araudi hori medio, derrigor instrumentu batekin hasi behar zen edo kantuarekin. Ordura arte solfeoa ikasten zen aurrena, eta jendeak egiten zituen bost bat urte solfeoarekin instrumenturik ukitu gabe. Lege horrek gauza asko txarrak ekarri zituen bezala, onak ere ekarri zituen. Eta bat izan zen hori. Bestela zen irakurtzen ikastea hitz egiten jakin gabe», azaldu du Egurenek.
Lege aldaketak ere bultzatu zuen talde lana. Eta orain, solfeoan bezalaxe, abesbatzan aritzen dira ikasleak. Eta instrumentuak jotzen hasten diren garairako taldetan funtzionatzen dute. «Gure Musika Eskolan eta orokorrean, beste musika eskoletako oinarri nagusia dira taldeak», azpimarratu dute.
«Eskola honetan bazegoen hasieratik hori egin nahia. Horrela, Musika Eskola hasi bazen 85-86 ikasturtean, 87ko San Joanetan Diana jotzen ari ginen eskolako ikasleak. Eta 24 urtetan hor ibili gara kalean. Azkeneko 3-4 urtetan, kontatu ditugu urtero zenbat alditan ateratzen garen kalera eta 250 bat aldiz ateratzen gara. Hori bai ez dudala uste beste inongo musika eskolan egiten dutenik!», dio Egurenek.
3.000 ikasle 25 urtetan
Musika Eskolak egun, 20 irakasle ditu, horietatik hiru hasieratik daudenak: Joxan Goikoetxea, Joan Mari Beltran eta Arantxa Alberdi. Ikasleak berriz, 465 daude. Urtero 40-50 ikasle berri izaten dituzte eta 25 urte hauetan 3.000tik gora ikasle pasa dira Musika Eskolatik. Eskaintzari dagokionez, 14 musika tresna ikasteko aukera eskaintzen du eta oinarrizko materia ere bai, hala nola, hizkuntza musikala, abesbatza... yy