Musika klasikoa eta modernoa gaur eta bihar, ikasle ohien eskutik

Kronika - Erredakzioa 2010ko mar. 27a, 01:00

Aurtengo ikasturtean 25 urte bete­tzen ditu Hernaniko Musika Eskolak eta hori ospatzeko, hainbat ekintza antolatu dituzte. Hasteko, ikasle ohiek emango duten kontzertu zikloa. Musika Klasikoa, Musika Modernoa eta Herri Musika emanaldiak izango dira. Irailean berriz, bi eguneko jaialdia izango da osatzen ari diren liburu eta CD-DVDak herritarrei aurkezteko.

Hernani Musika Eskola Publikoak 25 urte betetzen ditu aurtengo ikasturtean eta ospakizunari hasiera emateko, bi kontzetu izango dira gaur eta bihar. Gaur, Musika Klasikoaz gozatzeko aukera izango da, eta bihar, Moder­noaz. Biak 19:00etan hasiko dira Milagrosa kaperan.

Kontzertuak Hernaniko Musika Eskolako ikasle ohien eskutik izango dira. Izan ere, Joxan Goikoetxea zuzendariak eta Roberto Pacheco saxofoi irakasleak azaldutakoaren arabera, ikasle ohiekin ziklo berezi bat egitea pentsatu dute. «Musika Eskolak hilabetero kontzertu bat eman ohi du eta horri lotuta, hasiera batean pentsatu genuen, aurtengo kontzertu horiek ikasle ohiekin egitea. Eskolako ikasleak izan zirenak eta gaur egun profesionalak direnak. Baina ikasle ohi gehiegi genituen, ez zeuden kontzertuak denentzako, eta azkenean, hiru taldetan bildu ditugu». Hirugarren talde horrek Herri Musika kontzertua emango du apirilaren 16an.
Kontzertu horien helburuaren berri ere eman dute Goikoetxeak eta Pachecok: «kontzertu hauekin erakutsi nahi dugu, Musika Eskola  zerbitzu bat emateko izateaz gain, ikasle batzuentzako ogibide bat lortzeko bidea ere izan dela. 20tik gora gara eskolatik pasata, gaur egun horretara dedikatzen garenak eta kontzertu hauetan ikusiko da bakoitza zertan ari den».

Marta Zuñiga eta Xabier Aizpurua ikasle ohiak gaur, Musika Klasikoan
Ikasle ohien kontzertu ziklo be­rezia Marta Zuñiga eta Xabier Aizpurua ikasle ohiek zabalduko dute gaur, Musika Klasikoko kontzertuarekin. Biek pianoa joaz interpretatuko dituzte maisulan klasikoak. Zuñigarekin batera, gainera, Maite Ulazia flauta-jole iruñarra izango da. Cécile Chamina­deren Concer­­t­i­no Op.27 for flute and piano eta Frank Martinen Ballade pour flute et piano joko dituzte.
Xabier Aizpuruak honako hau­ek interpretatuko ditu: So­na­ta KV. 533 Fa M (W. A. Mo­zart) Allegro, Andante eta Alle­gretto; Paráfrasis sobre un tema de Rigoletto de Verdi (F. Liszt); eta El puerto (Isaac Albéniz).

Ikasle ohi eta egun
irakasleak diren zenbaiten eskutik, Musika Modernoa

Mayi Lizarraga, Satxa So­ria­zu, Javier Morcillo, Judith Mon­tero, Itsaso Pacheco, Jor­ge Pacheco, Roberto Pacheco eta Iñaki Es­tra­­da, bere garaian musika es­ko­lako ikasle izandakoak eta egun, irakasle ere badiren zenbaiten eskutik izango da biharko Musika Modernoko kontzertua. Musi­ka garaikidea eta jazza joko dituzte.  

Zikloa amaitzeko, Herri Musika datorren hilean
Kontzertu ziklo bereziko azken emanaldia Herri Musika kon­tzertua izango da, apirilaren 16an, ostirala. Oreka TX, Iñaki Egu­ren, Haritz Ezeiza, Ana Erre­ge Belda eta Ander Barre­netxeak hartuko dute parte. 19:00etan izango da Biterin.

Liburua, CD-DVDa eta
jaialdia irailean

Kontzertu zikloaz gain, liburu bat eta CD-DVD bat argitara­tzeko asmoa du Musika Esko­lak. Liburua egiten Iñaki Egu­ren, ikasle ohia eta egun, irakaslea dabil. Eta CD-DVDaz aurreratu dute, gaur egungo ikasleek egindako grabaketak izango direla alde batetik, eta bestetik, grabaketa historikoak.
Lan horiek aurkezteko, bi egu­neko jaialdia egingo dute irailaren 17 eta 18an. Irailaren 17an, ostiralean, gauean kon­tzer­tua emango dute ikasle, ira­kas­le eta gainerakoekin. Eta hu­rrengo egunean, bazkari he­rri­koia eta erromeria izango dira.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!