Erreferendumik ez da egingo Hernanin, Atez Ateko sistema martxan jarri aurretik. Hori da ostegunean Plenoak onartu zuena, eta gehien eztabaidatu zen puntua. Horrez gain, beste bederatzi puntu ere bozkatu ziren; tartean, Hernaniko atxilotuen azken tortura salaketei buruzko puntua onartu zen, eta baita Gipuzkoako peajeen aurkako mozioa ere.
Erreferenduma orain ez
Osteguneko Plenoan gehien eztabaidatu zen puntua izan zen erreferendum eskaerarena. Gobernu Taldeak eta EB-Aralarrek bozkatu zuten erreferenduma orain ez egitea, sistema martxan jarri aurretik. Oposizioko beste alderdiek (PSE-EE, EAJ, Hamaikabat eta PPk) erreferenduma orain egitearen alde bozkatu zuten. Aurreko batzordean hitz egin zuten gaiari buruz, eta emaitza berbera izan zuen bozketak.
Marian Beitialarrangoitia Alkateak adierazi zuen, firma bilketa egin dutenak «txapuza onartezina» egin dutela. Gezurrak esatea eta errealitatea itxuraldatzea ere egotzi zien Beitialarrangoitiak sinadurak aurkeztu dituztenei. «Hasteko, ez daude 6.000 firma, 5.875 inguru daude. Badira 5 aldiz firmatu dutenak, bigarren abizena falta dutenak, letra ulertezina dutenak... edo orrialde osoak kaligrafia berarekin idatzita. Eta firma bilketa deitu diote, baina sinadura bakar bat ere ez dago». Firma horiek gainbegiratu egin dituztela esan zuen Beitialarrangoitiak, baina aztertuko dituztela hobeto. Bukatzeko, esan zuen, sinadura eman dutenak errespetua merezi dutela, eta horregatik eraman dutela puntua Plenora. Erreferenduma aurrerago egitea ez zuen deskartatu, eta azken legegintzaldian bi erreferendum egingo direla azpimarratu zuen: Ekipamendu publikoena, eta Ereñotzuko auzo udalarena.
Beatriz Fernandino EB-Aralarreko zinegotziak bere botua arrazoitu zuen, esanez, erreferenduma gero egitearen aldekoa zela, baina ez orain. Eta eskaera hau etorri dela kanpaina puñetero xamar baten ondorioz, «krispazioa sortu duen kanpaina izan da».
«Inoizko firma bilketarik haundiena»
Oposizioko gainerako alderdiek erreferenduma orain egin behar zela esan zuten. Jose Ramon Chica, PSE-EEko zinegotziaren ustez, erreferenduma ondoren egiten bada, eta Atez Atekoaren kontra ateratzen bada, «zer egin behar da? Berriz atzera?». Mari Luz Anglada PPko zinegotziak ere gauza bera azpimarratu zuen, gero atzera egin behar bada, ez dela oso txukuna.
Andoni Amonarraiz EAJko zinegotziak adierazi zuen, agian 5.800 firma izango direla, baina 6.000 izan balira ere, sentsazioa daukala erantzun berdina emango zuela Plenoak. Bere ustez, izan 6.000 edo izan 5.800, Hernanin inoiz egin den firma bilketarik haundiena da, eta erreferenduma egiteko nahikoa garrantzitsua.
Iñaki Arratibel Hamaikabat taldeko zinegotziak gezur bakarra ikusi duela esan zuen, firma bilketaren gai honetan. «Firma bilketa horretan gezurrik dagoen ez dakit; nik irakurri dudan gezur bakarra Alkateari irakurri nion, firma bilketaren atzean Hamaikabat taldea dagoela esan zuenean».
Gipuzkoako peajeen aurkako mozioa
Gipuzkoako peajeen kontrako mozioa ere onartu zen PPk aurkeztua, PPk eta Gobernu Taldeak bozkatu zuten mozioaren alde; gainerakoek kontra. Horrez gain, Igeldo Udalerri mozioa ere onartu zen, Gobernu Taldearen aldeko botuekin, eta gainerakoen abstentzioarekin.
Udaleko hizkuntza irizpideak berrikustea eta egokitzea erabaki zen, Gobernu Taldeak, EAJk, EB-Aralarrek eta H1 alderdiek oniritzia, eta PSE-EE eta PPk aurka bozkatuta.
Torturaren
aurkako mozioa onartu zen
ostegunean
Osteguneko plenoan mozio bat onartu zen, azken atxilotuek salatu dituzten torturen aurkakoa. Mozioak salatzen ditu, besteak beste: torturen aurkako Nazio Batuetako txostenek askotan jaso dituztela salaketa horiek, eta ez zaiela kasurik egiten. Gobernuek ardura daukatela inkomunikazioarekin bukatzeko. Auzitegi Nazionala desagertzeko ere eskatu zuten, eta justizia administrazioari eskatu zaio tortura salaketa guztiak argitzeko.