Krisiaren eraginez, Buruntzaldean alarma gorria piztu dela azaldu zuten atzo prentsaurrean Buruntzaldeko LABeko hainbat ordezkarik. Buruntzaldean enplegu suntsiketa sekulakoa izaten ari dela nabarmendu zuten eta hori salatzeko, martxa antolatu dute bihar, Buruntzaldean barrena.
Datu esanguratsuak aipatu zituzten egoera argitzeko: «Buruntzaldean langabetu kopuruak %65,8 egin du gora azken 21 hilabeteetan, langabezia tasa %12,6ra igoz. Industria mailan jo du eta egoera gogorra da. Orain gainera, zerbitzuetara zabalduko da». Horren aurrean, instituzioek ez dutela ezer egiten salatu zuten. «Baina alternatiba badago. Lanaren eta aberastasunaren banaketan oinarritutako alternatiba. Langileok eraiki beharko dugun alternatiba».
Lasarten eragin haundiena; Hernani tartean dago
Daturik esanguratsuenak Lasarte-Oriakoak direla azpimarratu zuten; «2008ko uztailetik %84, 58 egin du gora langabetu kopuruak, hau da, 720tik 1.329ra, eta langabezia tasa %15ekoa da». Hernaniko egoera tartean dago Buruntzaldeko 6 herrien artetik. Orain, 1.144 langabetu daude; 2008an 762 zeuden, beraz, %50,13 igo da. Langabezia tasa %13,8koa da.
Kontzentrazioa Hernanin
Enplegua suntsitzearen aurkako martxa Usurbilgo frontoi atzetik aterako da bihar, 09:00etan. Lasarte-Oria pasa ondoren, Urnietan bat egingo dute Andoaindik ateratakoekin. Guztiak Hernanira iritsi eta kontzentrazioa egingo dute 13:00etan.