Gaurtik aurrera eta Uztailaren 31ra arte amuarrainak arrantzatu ahal izango dira Gipuzkoako ibaietan berriz ere, tartean Urumea ibaian. Azken urteetan bezala, Gipuzkoako diputazioak hainbat debeku ezarri ditu ibaiek duten egoera delikatuaren ondorioz. Amuarrain arruntaren populazioaren gainbeherari buelta emateko intentzioz hartutako neurriak dira Diputazioaren esanetan, eta bereziki heriotzarik gabeko arrantzaren aldeko apustua egin dute arrantza denboraldi honi begira.
Urumea ibaian ere zenbait debeku ezarri dira. Neurri jakin bateko amuarrainak bakarrik arrantzatu ahal izango dira eta arrantzale bakoitzak hiru harrapatu ahal izango ditu gehienez egunean. Aingirak ezingo dira harrapatu eta presa ezberdinen inguruetan ere ezingo da arrantzarik egin.
Heriotzarik gabeko arrantza gunea Loidiko errekatik Lastaolako zubirarte dagoen tartean egongo da. Bestalde, Latxe eta Urruzunoko erreketan eta Ereñozuko zentrala eta presa arteko tarteetan ezingo da arrantzarik egin.
Arrantzaleei, beraz, ez zaie arrantza egiteko toki askorik geratuko. Txantxangorri elkartetik igorritako oharraren arabera, Urumean hiru guneetan arrantza egin ahalko da: Lastaolako zubitik Ereñozuko zentraleraino, Ereñozuko presatik Bezkieta baserriraino eta Hegoaldeko bariantearen zubitik behera dauden uretan.
Debekuen inguruko informazio guztia Txantxangorri elkartean dago ikusgai nahi duenarentzako. Txantxangorri elkartetik ere urtero ospatzen duten amuarrainen arrantza txapelketaren inguruan berri eman dute. Aurten, Apirilaren 18an egingo da txapelketa hau.
ARRANTZA GUNEAK:
- Lastaolako zubitik Ereñozuko
zentraleraino
- Ereñozuko presatik Bezkieta
baserriraino
-Hegoaldeko bariantearen zubitik behera.