«AHTak Urumea bailaran egingo duen txikizioa, Euskal Y-ko haundiena izango da»

Kronika - Erredakzioa 2010ko mar. 21a, 01:00

AHTaren proiektuaren aurka dauden herritarrek kontrako plataforma bat osatu dute. Proiektuaren ideia sortu zenetik, proiektua geldiarazi nahian ari dira lanean, eta AHTari buruzko informazioa herritarrei zabaltzen. Datorren hilean bizikleta martxa dute egitekoa Astigarragan.
Astigarragan egingo duten geltokiari buruz adierazi dute, Euskal Ya­ren txikiziorik haundiena egingo dutela bertan: «Urumea ibaia lekuz aldatuko dute, ibaiaren meandroak desager­tu­ko dira, akuiferoak... 81 pilare jarriko di­tuzte Ergobitik Astigarraga bidean eta metro lineala AHT guztiko gares­tie­na da: 54.000 euro metro lineala. Nekazari lurrak desagertu egingo di­ra».
«Egunean 412 tren pasako dira Astigarragatik; tren bat 3 minuturo. Gaur egun 130 bat tren pasatzen dira egunean Astigarragako trenbidean. Horrez gain, geltokiaren ondoan munstro urbano bat egin nahi dute: makro hotelak, parke teknologikoak, edifizio erraldoiak... Interes ekonomikoak ikaragarriak dira. Beren negozioetarako leku bihurtu dute Asti­garraga, bertako Udaletik ha­sita. Txi­kitu egin dute Asti­ga­rraga». AHTaren kontrako plataformak hori da Kro­nikari jakinarazi dio­na, Astigarragako proiektuari buruz. Orokorrean, honako pun­tu hauek ere azpimarratu nahi izan ditu AHTari buruz.

Ingurumenean kalte konponezinak
eragiteaz gain, lurralde desoreka haundituko du

Hiriburuen arteko konexioa bakarrik jasotzen du; alde batetik, hiritar-aglomerazioa eragingo du zonalde haundietan. Bestetik, inguratzen duten herrialdeetan, kalte haundiak eragingo ditu nekazaritzan eta baita, bizimodu eta kalitatean ere.

Tren-garraioa zerbitzu publiko eta unibertsala izatearen ideiarekin amaitzen du
Denon artean ordainduko dugun arren, txartelak duen prezioagatik, eta egingo dituen ibilbideengatik batzuk soilik erabiliko dute.

Errenta eta gastu sozialean kaltea
Inoiz egindako azpiegitura-lan garestienak dira. Erabiliko den diru horrekin guztiarekin, biztanleria multzoa­ren­tzat kalitate haundiko garraio pu­bli­koa finantziatu liteke; eta horrekin batera, gizartearen beste behar batzuk.

Ez ditu garraio eta zirkulazio arazo haundiak konponduko
Ez ditu aintzat hartzen herrien arteko joan-etorriak, egunero egiten direnen % 97a diren arren. Bestetik, ez du ka­mioi zirkulazio haundiaren arazoa gutxituko; alderantziz, areagotu egingo du bere helburua merkantzia-garraioa haunditzea baita.

Lan-eskasia haundituko du eta industria-deslokalizazioa erraztu
Garraio azpiegitura haundia denez, merkatu eta ekonomiaren internazionalizazio eta globalizazioarekin dago loturik; eta ondorioz, hauek eragiten duten lan-eskasia eta industria-deslokalizazioarekin. Zerbitzu arloaren nagusitasuna bultzatuko du lehen eta bigarren sektoreen kaltetan.

Neoliberalismoaren adierazgarri
Gizarte eta ekonomi eredu bat indar­tzen du; geroz eta gizarte ezberdintasun haundiagoak sortzen ditu, eta baita ekonomia-desoreka ere.

Inposaketaren sinonimoa da
Proiektua garatzen ari da informazio gardentasunik gabe, eta hiritarren interes eta nahiak kontuan izan gabe. Gizarte eta sindikatuen gehiengoak proiektua gelditzea nahi dute, baina administrazioek ez dute jaramonik egiten. Inposaketa erabiltzen dute.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!