Zer dela eta proposatu zen
geltokia Astigarragan egitea?
Hasierako asmoa, bidea Landarbasotik egitea zen. Baina, urruti gelditzen zenez, gertutasuna bilatu nahian, Astigarragako ingurua aukeratu zen. Guri horrela azaldu zitzaigun Eusko Jaurlaritzatik eta proiektua baikorki hartu genuen; beraz, orduz geroztik burutu ditugun Plan Orokorrak hori kontuan hartuz egin ditugu.
Zergatik iruditzen zaizu
proiektu baikorra?
Horrelako geltoki batek mugimendu haundia sortuko duelako, eta inguruan dauden enpresetan eragin positiboa eragingo duelako.
Zeintzuk izango dira lanek eragingo dituzten aldaketa nagusiak? Ba al dago kezkatzen zaituen zerbait?
Kezkatu ez, baina jakitea komeni zaiguna da nola iritsi gintezkeen kotxez geltokira. Badakigu zuzeneko sarbideak egingo direla, baina oraindik ez dakigu nondik-norakoak izango diren. Honekin batera, oinezkoentzat beste sarbide bat egingo da Urumea ibaiaren gainetik.
Bestetik, guri ezinbestekoa iruditzen zaigun aldaketa bat, geltokiaren inguruan aparkaleku bat egitekoa da, eta honen asmoa ere badago.
Eta azkenik, azpimarratuko nuke Urumea ibaia kanalizatzeko asmoa dagoela, eta hau egiteko beharra dago aspalditik.
Nolakoa izango da geltokia eta hari emango zaion erabilera?
Geltokiari buruz gauza askorik ez dakit oraindik, baina nabarmendu beharra dago Abiadura Haundiko Trenaz gain, aldiriko trenak ere bertan geldituko direla. Hau oso garrantzitsua da, alde batetik, Astigarragakoa izango delako AHTko geltoki internazional bakarra. Eta, bestetik, trena Astigarragatik pasa izan delako beti, baina sekula ez du herrian geltokirik izan, eta hau, herritarren aldarrikapena izan da denbora askoan.
Eta erabilerari buruz, soilik geltoki internazionala izango da, eta beraz, ibilbide luzeko trenak bertan geldituko dira.
Zein puntutan aurkitzen da proiektua gaur egun?
Oraingoz dakigun bakarra oinarrizko proiektuan ematen den informazioa da. Ez dugu beste proiekturik jaso, bilera bat egiteko zain gaude. Lanak noiz hasiko diren ere ez dakigu, baina geltokia 2016 urtean irekitzea espero da.