Joxan Goikoetxea Momentos diskaren aurkezpeneko biran, Dulce Pontesen bandako kide moduan dabil azken hilabete hauetan. Dulce Pontes portugaldarraren diska martxoaren 23an kaleratuko da Europa guztian. Dulce Pontes Portugalgo abeslari ezagunenetakoa da eta 90garren hamarkadan fadoa berpizten lan haundia egindakoa. Hala ere, beste musika motak ere lantzen ditu, pop estilotik hasi eta musika klasikoraino. Bere ahotsari buruz esan ohi da oso beroa dela, dramatikoa eta estilo askotara egokitzen dena. Portugalgo musika panoramak eman duen artistik ezagunena da gaur egun.
‘Momentos’,
eszenatokietan jasotako une errepikaezinak
Momentos diskak bere 20 urtetako lanaren laburpen bat izan nahi du, eta bertan bildu nahi izan ditu emanaldietan jasotako momentu bereziak eta errepikaezinak. Bilduma honetan bere kantu ezagunenen bertsioez gain, inoiz kaleratu ez dituen kantuak ere biltzen ditu.
Momentos bidaia ere bada, bertan jasotzen baitira bisitatutako lurretan bildu dituen estilo desberdinak, hala ere, inoiz ez ditu ahazten eta baztertzen bere jaioterriaren sustraiak, eta batez ere, fadoak.
8 laguneko banda
Aurkezpen kontzertuetarako 8 laguneko banda osatu du. Gitarrajoleak Luis Pontes, Fernando Silva eta João Lima dira; baxujolea berriz, Fred Gato; oboejolea, Oscar Viana; celloarekin, Davide Zaccaria; perkusionista, João Ferreira; eta soinujolea Joxan Goikoetxea.
Kontzertu bira berriz, Espainiako estatuan hasi dute eta Vigo, Ourense, Girona eta Bartzelonan izan dira, izugarrizko arrakasta lortu dute toki guztietan eta txalo zaparrada haundiak. Prentsako kritikak ere oso onak jaso dituzte, eta Bartzelonako Palau de la Musikan eskainitako kontzertua ikusgarria izan zela zioen bertako prentsak.
Espainiar estatuko kontzertuen ondoren, Italiara joatekoak dira, eta handik Londres, Amsterdam, Zagreb, Maroko eta Turkian egingo dituzte emanaldiak.
Joxan Goikoetxea,
20 urteko lana musikaren inguruan
Joxan Goikoetxeak urte asko daramatza profesional moduan musikaren munduan lanean. Horren adierazle dira grabatu dituen 13 diska eta orain arte kolaboratzaile moduan parte hartu dituen 200dik gorako produkzio diskografikoak. Izen haundiko artista askorekin lan egina da Joxan Goikoetxea. Noa, Dulce Pontes, Pako Ibañez, Xabier Lete, Estrella Morente, Alberto Iglesias, Jorge Drexler, Oskorri, Kepa Junkera... eta abar luze batek tartean nahi izan dute bere kontzertu biretan Joxan Goikotxearen akordeoia jotzeko modu pertsonal eta lirikoa.
Gaur egun, Hernaniko Musika Eskolako zuzendaria da, eta 25garren urteurrena prestatzen ari da buru belarri. Hala ere, bere kolaboratzaile lanekin ere hor jarraitzen du eta oraingo honetan Dulce Pontes musikari portugaldarraren ‘Momentos’ kontzertu biran ari da bandaren kide bezala lanean.
Zine, antzerki eta telebistako musika lanetan ere aritu da Goikoetxea eta momentu honetan Comet sareari buruzko luzemetrai-dokumentalaren soinu banda ari da konposatzen.
Beste konposizio musikala ere prestatzen ari da San Joanetako preludioan estreinatzeko, musika pieza hori Agur Everest da eta Martin Zabaleta Everestera igo zela 30 urte direla eta, gertaera hori ospatzeko estreinatuko da.