Zazpi anai-arrebetan zaharrena izanda, oso gazte hasi zen etxeko eta baserriko lanetan bere gurasoei laguntzen Mª Isabel Setien, edo Hernanin ezaguna den bezala, Mokoko Maixabel. Hamabost urte zituela hasi zen bere ama zena Mikaelarekin Hernaniko Udaletxeko arkupetan barazki salmentan, eta kale ezberdinetan barrena, behi esne banaketan. Egunero egunero oraindik bertan ikusi dezakegu berdura saltzen, nahiz euria, hotza edo elurra egin. Eta horrela, mende erdia, erraz esaten da! Hori horrela, urte guzti hauetan egindako lanaren errekonozimendu gisa, Tolarea Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Kofradiak bera izendatuko du gaur ohorezko kofrade. Lotsa pixka bat ematen dion arren, oso pozik hartuko duela titulu hori azaldu dio Kronikari. Maixabelez gain, Esther Esparza Tafallako kazetari eta aktorea eta Ricardo Remiro Eulateko artzain eta gazta egilea omenduko dituzte. 13:00etan izango da Biterin.
«Lehen metrotik metrora baserritarren bat izaten zen»
Maixabelek bere baserrian, Urnietako Gurutzeta baserrian ekoiztutako barazkiak saltzen ditu, garaian-garaikoak eta baita loreak ere. Eta baratzeko zeregin horretan ere aritzen da, ez omen da-eta etxean egotekoa. Dena dela, Joseba semeak eta Maite errainaren laguntza ere baduela azaldu du. Hirurak nekazaritzatik bizi dira, ekoitzitakoa Hernanin salduz eta sobratzen zaiena almazenetara bidalita.
50 urte hauetan, plazako salmentak izan duen aldaketen testigu izan da Maixabel eta honakoa azaldu dio Kronikari: «lehen arkupetan metrotik metrora baten bat izaten zen esnea edo berdura saltzen, orain gu bakarrik gaude eta larunbatetan beste bat. Garai hartan gainera, astoz etortzen ginen eta gogoratzen dut Atzietan asto pila bat izaten zirela».
68an karneta atera eta ordutik kotxez etortzen da Maixabel, baita negurik gogorrenean ere; aurtengoan esaterako. «Gainera, berandutzen bagara-edo, jendea kezkatu egiten da», azaldu du. 50 urte pasa dira eta egoera asko aldatu den arren, oraindik gogoz etortzen da Hernanira Mokoko Maixabel eta hala jarraitzeko asmoa du.
Zergatik Mokoko Maixabel?
Hernanin, Mokoko Maixabel bezala da ezaguna, baina Maixabel Gurutzeta baserrikoa da; zergatik, orduan? «Aitona zena Urnietako Moko baserrikoa zen eta sagardoa egiten zuen. Hernanin Miel de Moko bezala ezagutzen zen, eta nahiz eta ni Gurutzeta baserrian jaio, gure familia hernaniarrentzat Mokokoa da. Urnietan berriz, ez, Moko baserria beste familia batena baita egun», argitu du.