Xabier Legarreta Nafarroako txapelketako finalean, gaur

Kronika - Erredakzioa 2010ko mar. 20a, 01:00

Gaur arratsaldean jokatuko da Lesakan Nafarroako Ber­tsolari txapelketako finala eta txapelaren lehian  Xabier Lega­rreta aranoarra, Hernaniko Ber­tso Eskolako kidea ariko da. Julio Soto, Arkaitz Goi­koetxea, Oskar Estanga, Eneko Lazkoz, Xabier Terreros eta Estitxu Arozena izango dira, Lega­rre­taz gain, Lesakako finalean arituko diren bertsolariak.
Iruritan jokatu zen finalaurrekoan lortu zuen finalerako txartela Xabier Legarretak. Saio horretan, irabazle atera zen bertsolari aranoarra eta horren ondorioz finalerako sailkapena zuzenean lortu zuen. Ondo aritu zen lan guztietan, eta kartzelako lanean borobildu zuen saioa, lagunen eskutik erretiro festa ederra jaso duen langilearen paperean.
Julio Sotok eta Arkaitz Goikoetxeak ere modu berean lortu zuten sailkapena eta hauek izango dira bertsolari aranoarrak txapela irabazteko izango dituen aurkari gogorrenak. Txapelaren lehia horretan ere kontuan hartzekoak izango dira Estitxu Arozena eta Julen Zelaieta, aurreko urteetan txapelketa irabazitakoak baitira biak.
Xabier Legarreta ohiko finalista bihurtu da Nafarroako Bertsolari Txapelketan. 2000 urtean txapeldunorde izan zen Amets Arzallusen atzetik eta azken bi edizioetan seigarren eta zazpigarren postuak lortu ditu. Legarretak askotan erakutsi du oso goian ibiltzeko maila daukala eta aurten txapela borrokatzeko aukera duela dirudi.
Finalak ikusmin haundia sortu du eta dagoeneko  sarrera guztiak agortu dira.

Finala zuzenean Info7 eta Bertsoa.com-en
Lesakaraino hurbildu ezin daitezkeenak zuzenean jarraitu ahal izango dute finala Info 7 irratiak eta Bertsoa.com-ek elkarlanean egingo duten zuzeneko ­transmisioari esker. Hauek 16:30etan hasiko dute beraien emisioa.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!