Euskal Herriko Ligan, bigarren mailan jokatzen duten waterpoloko senior mutilek lehenengo mailara igotzeko gogoz hasi zuten denboraldia. Gabonak arte, behintzat, sekulako emaitzak lortu zituzten eta ondoren, maila zertxobait jaitsi bazuten ere, garrantzi haundiko jendearen lesioak tarteko, gogo eta indar horrek eragina izan duela ikusi daiteke, igoera fasea jokatzea esku eskura baitute.
Miguel Angel Redondo entrenatzaileak azaldutakoaren arabera, azken partidua geratzen zaie igoera fasea hasi aurretik eta ia segurua ikusten dute sailkatzea. «Azken partidua datorren asteburuan dugu Easo taldearen aurka eta nahiko partidu erraza espero dugu».
Igoera jokatzeko aukerekin oso baikor
Igoera fasea jokatzeko, sailkapeneko bigarren eta hirugarren taldea sailkatzen dira; lehenengo postuan dagoena zuzenean igotzen da lehenengo mailara. Aipaturiko fase horretan, aurrez aurre izaten dituzte lehenengo mailako sailkapenean azken aurrena eta azken bigarrena. Eta joaneko eta itzuliko partiduak jokatzen dira. Azkena zuzenean jaisten da bigarren mailara.
Hernani bigarren postuan dago 32 punturekin eta partidu bakarra geratzen zaio. Hirugarrena, berriz, Oiasso-Bidasoa dago puntu berdinetara eta bi partidu gutxiago jokatu ditu. Laugarrenak ere, Sestaok Hernanik baino partidu bat gutxiago jokatu du eta 27 puntu ditu. Horiek horrela, Hernanik irabaziko ez balu, eta bi talde horiek irabaziko balute, Hernani ez litzateke igoera fasea jokatzeko sailkatuko. Dena dela, Redondo baikor azaldu da: «guk partidu erraza daukagu, baina beraiei ez zaizkie aurkari errazak geratzen eta gauzak nahiko konplikatuko zaizkiela iruditzen zait».
«Gure aldetik dagoen guztia emango dugu»
Behin igoera fasera sailkatuta, nolako norgehiagokak aurreikusten dituzten galdetuta, erraza ez, maila ezberdina dela eta, baina beraien aldetik dagoen guztia emateko prest daudela azaldu du Redondok.
Nesken taldearekin eta jubenilekin ere oso gustora
Waterpoloan senior nesken taldea ere badu Hernanik, aurten taldea ateratzen nahiko lan izan arren. Miguel Angel Redondo entrenatzaileak azaldu du oso gustora daudela, bai bera taldearekin eta bai taldea bera. «Gainera 4-5 berriak dira, aurten jokatu dute lehenengo aldiz eta oso pozik gaude emaitzarekin», azaldu du.
Sailkapenean atzean dira hernaniarrak baina postu ona lortzea ez dela helburuen barruan sartzen azpimarratu du entrenatzaileak eta gaineratu du: «kontuan izan behar da beste urtetan jokatzen zuten askok taldea utzi dutela aurten ikasketak direla eta». Eta aurreikuspenetan ere aritu da: «datorren urtean itzultzen direnean, oraingoekin batera talde ona osatuko dutela iruditzen zait».
Jubenilak maila onean
eta egunetik egunera hobetzen
Jubeniletan mutilen taldea iaz bezala maila ona ematen ari da. Aurreko denboraldian lehenengo postuan bukatu zuen eta aurten bigarrenean dago. Redondo oso pozik dago gazteen erantzunarekin:«jende berria ere badaukagu eta pozgarria da ikustea jartzen duten gogoa eta egunetik egunera hobetzen ari direla».